2019ko ekainaz gerotik pediatra euskaldunik gabe egon ondoren, eskakizun hori betetzen duen medikua hasi da lanean Zestoako, Aizarnazabalgo eta Getariako anbulatorioetan. Pediatra bakarra dago herri horietarako, eta herriko haur guztiak berak artatzen ditu. Duela hilabete batzuk, 2021eko udaberrian, herri horietako udalek pediatra euskalduna eskatzeko mozioak onartu zituzten, eta hilabete batzuen ondoren lortu dute helburua. Lanpostuak lau herriri eragiten zien: Zumaiari, Getariari, Aizarnazabali eta Zestoari. Udal horietan guztietan onartu ziren mozioak.
2019ko ekainean, lau herrietako alkateek gutun bat bidali zuten Osakidetzara, egoera konpontzeko eskatuz, herri horietako umeen eta gurasoen hizkuntza eskubideak aintzat hartuta. Uemak eta Osakidetzak bilerak egin zituzten, baina konponbiderik ez zuten lortu orduan. Uemak erreklamazioak ere helarazi zituen Hizkuntza Eskubideen Behatokira.
Otsailean, berriro jo zuen Uemak Osakidetzara pediatra ez-euskaldunaren egoera "betikotzen" ari zelakoan, eta Osakidetzak jakinarazi zion pediatraren lanpostuak hizkuntza eskakizuna ezarrita zuela eta lekualdaketa lehiaketa prozesu batean sartuta zegoela. Behin lehiaketa prozesua bukatuta, pediatra euskalduna joan den astean hasi zen lanean lau herri horietan.