Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak hartu ditu kaleak gaur, Azaroak 25. Eskualdea ez da salbuespena izan: mobilizazioak izan dira Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.
Goizean zehar, Ikasle Abertzaleek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte institutuen kanpoaldean Azkoitian, Azpeitian Zumaian eta Zarautzen, Indarkeria matxistaren aurrean antolakuntza komunista! lelo hartuta.
Arratsaldean, berriz, tokian tokiko asanblada feministek eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, protestara jo dute bailarako herritarrek. Zarauztarrak izan dira goiztiarrenak: nork bere esparrutik baina guztiek bat eginda plazaratu dute indarkeria matxistaren aurkako aldarria. Emakumeen Etxearen aurrean elkartu dira, etxeak eta kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko.
Orion, berriz, herritar ugarik egin du bat Xaltxerak talde feministak egindako deialdiarekin, eta 19:00etan plazatik abiatu dute manifestazio zaratatsua Bizitzak orain! lelopean, herrian barrena. Ordu berean elkartu dira Zumaian, Torreberriko aterpean, Mugimendu Feministak deituta. Indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Azpeitian Herriko Plazan elkartu dira, Indarkeriarik gabeko bizitzak orain zioen pankartaren atzean, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez. Bargaztak taldeak deitu du elkarretaratzea Zestoan, eta protesta amaitu ondoren, kandelak piztu dituzte eraildako emakumeen oroimenez.
Udalak deituta, hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute Azkoitian, Kontzejupean. Udaletxean ordezkaritza duten lau alderdi politikoetako kideek parte hartu dute kontzentrazioan. Nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu, herritar ugari ugarik eman diote babesa deialdiari.
Aian ere mobilizatu dira, Azaroak 25eko aldarriekin bat eginez. Elizako aterpean egin dute kale agerraldia, 19:30ean, dozena bat lagunek. Zenbait udal ordezkarik eta herritarrek parte hartu dute indarkeria matxista salatzeko kontzentrazio isilean.