Euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko Euskaraldia bezalako ekimenak antolatu dira azken urteotan. Aurten ez da Euskaraldirik egingo, baina, ildo horretatik jarraituz, Haurren aurrean, helduok heldu kanpaina antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Euskal Herri mailan egingo den esperimentu honek bi asteko iraungo du, eta guraso, zaintzaile, senide eta bestelako hezitzaileen arteko euskarazko praktikak sustatzea du helburu.
Datorren astelehenean, azaroaren 22an hasi, eta abenduaren 5era bitartean egingo den kanpaina honek "umeen erreferente eta gertuko diren helduen hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea du helburu", azaldu du Euskaltzaleen Topaguneak, eta azpimarratu du "umeei zuzentzerakoan baino, bereziki eta batez ere, helduak beraien artean" hitz egiteko duten joeran zentratuko dela kanpaina.
Zentzu horretan, ekimenaren bultzatzaileek uste dute umeen eredu diren helduen artean euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartuko dutela eta hizkuntza portaera hori barneratuko dutela.
0 – 12 urte bitarteko umeen familia kideak, senideak eta gertuko helduak izango dira lehentasunezko xede taldea. Helduak esatean, 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari direla ere gaineratu dute kanpainaren antolatzaileek. Ekimenarekin, "helduen hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzea da asmoa. Izan ere, familia da sozializatzeko lehen taldea eta hori da, gerora, familiaz kanpoko harremanetarako umeen oinarria".
Euskararen transimisioa
Kanpaina aurkezteko atzo Zumaian egin zuten ekitaldian Larraina euskara taldeko kide Ibon Manterolak nabarmendu zuenez, "helduek zer hizkuntza erabiltzen dutenaren arabera haurrei mezu bat ematen zaie. Helduak beraien artean gaztelera erabiltzen badute, haurrei emango zaien mezua da euskara umeentzako hizkuntza dela, eta ez hainbeste helduen arteko transmisio erreminta".
Manterolak beharrezkoa ikusten du etxeetan, "baina baita parkeetan edo eskoletako patioetan ere" haurrek helduak euskaraz ari direla entzutea eta ikustea. "Helduek beraien artean zer hizkuntza erabiltzen duten, horrek haurrentzako garrantzia handia du".
Zumaiako gazteak Euskal Herri mailan euskara masiboki erabiltzeagatik ezagunak direla ere azaldu zuen Larrainako kideak. Helduen artean, berriz, euskararen erabilerak geldialdi bat izan zuela ere gaineratu zuen aurkezpen ekitaldian. Zentzu horretan, datorren astelehenean abian jarri, eta bi aste iraungo duen ekimena "esperimentu" bezala definitu zuen Manterolak.
25 gune herrian
Larrainako kideez gain, Zumaian egindako aurkezpenean herriko hezkuntza ekosistemako ordezkariek eta Zumaiako Udalak ere parte hartu zuten. Ariketa honetan parte hartzera gonbidatu zituen Iñaki Ostolaza alkateak. "Zumaia herri euskalduna da, baina inertzia batzuk ikusi dira. Kezka dago ea haurrek euskara nahi baino gutxiago erabiltzen duten. Baina, helduok egiten al dugu euskaraz?», galdetu zuen alkateak. Joera hori aldatzeko bultzada baten beharra aldarrikatu zuen alkateak, «haurrek beraien inguruan euskara entzun dezaten".
Ekitaldi konkretuak antolatu baino, ekimena modu informalean egingo dela azaldu zuten antolatzaileek. Horren harira, Zumaian 25 gune identifikatu direla adierazi zuen Larrainako kide Sara Saizarrek: "Parkeak, plazak, eskoletako patioak... 25 gune horietan kanpainako identifikazioak jarriko ditugu, eta leku horietan euskaraz egiteak duen garrantzia azpimarratuko da modu horretan".