"Swimruna eramangarria da, korrika eta igeriketa txandakatzen dituelako"

Juan Luis Romatet 2021eko azaroaren 18a

Gironan jokatutako Cap de Creus swimrun proban parte hartu dute. Igeriketa eta korrika saioak uztartzen dituen kirola da; askorentzat ezezaguna, baina gero eta jende gehiagok egiten du.

Igeriketa eta korrika saioak uztartzen ditu, baina swimruna ez da duatloia. Urriaren 23an Gironan (Herrialde Katalanak) jokatu zen Cap de Creus swimrunean izan ziren Joseba Amilibia (Zumaia, 1977) eta Nekane Agirre (Azpeitia, 1979). 

Swimruna ez da duatloi soila. Zer kirol mota da?

NEKANE AGIRRE: Korrika eta igeriketa uztartzen ditu, baina txandakatuz egiten da. Korrika hasten da proba, baina metro batzuetara igerian egin behar izaten da; gero, berriro uretatik atera eta korrika jarraitu behar izaten da... Toki batetik abiatu eta beste puntu batean amaitu behar izaten da, beti ere, soinean duzunarekin, bidean ezin izaten da arropaz aldatu edota zerbait hartu.

JOSEBA AMILIBIA: Distantziak ez dira laburrak, baina txandakatzen joanda eramangarriagoa egiten da. Bitxikeria moduan, azken proba honetara korrikarik egin gabe joan ginen biok. Baina, pentsatzen genuen proba egiteko gai izango ginela. Proba mendian izan arren, tarte batzuetan lasaiago joateko aukera izaten genuen. Azkenean, dena ondo atera zitzaigun, eta ez genuen inongo minik izan.

Non du jatorria kirol honek?

J.A.: Stockholmen (Suedia) sortu zen, eta sorrerari buruzko bi bertsio daude. Bertsio horietako baten arabera, hotel bateko jabeak bere langileei lasterketa bat proposatu zien: Stockholm inguruan irla asko dago, eta ura zegoen lekuan igeri egin behar zuten, eta lehorrean korrika. Beste bertsioak dio hiru lagun elkartu zirela, eta bazkari baten ondoren apustu eran egin zutela: bidean aurkituko zituzten jatetxeetan jango zuten, eta azkena heltzen zenak ordainduko zuen faktura. Azken bertsio hori sinesgarriagoa egiten zait!

Zer distantziatan jokatzen da swimruna?

J.A.: Normalean hiru distantzia izaten dira, triatloiaren antzera. Short izenekoa dago –orain gutxi sortu dena– 10 kilometro ingurukoa; maratoi erdiaren parekoa bestea, eta distantzia luzekoa, maratoiaren antzerakoa, hirugarrena. Guk Gironan egin genuenak 18 kilometro zituen korrika, eta bost igerian. Normalean %80 korrika egiten da, eta gainontzeko %20 igerian. Gironako proban hamabost aldiz txandakatu genituen bi modalitateak.

Bikoteka egiten den kirola da.

J.A.: Berez, bai. Batik bat segurtasun kontuengatik egiten da bikoteka. Parte hartu genuen lehen probaren aurretik esan ziguten benda bat eraman behar genuela, txilibito bana uretan zerbait gertatzen bazitzaigun jotzeko eta txip bat. Orientazioa ere landu behar izaten da; ibilbidea markatuta dago, baina ez da egoten boluntariorik bidean. Mendian galdu eta 200-500 metroan markarik ez baduzu ikusten, galdu zarenaren seinale. Horrelakoetan, bidean atzera egitea gomendatzen dute markak berriro aurkitu arte. Horrek badu bere xarma, ez da zoroen moduan korrika egitea bakarrik.

N.A.: Hasieran binakakoak ziren probak, baina banakakoak ere egiten dira orain, batik bat sprint distantzia sortu dutenetik.

Zer material erabiltzen duzue swimruna egiteko?

J.A.: Mendian korrika egiteko mendiko zapatilak, gainontzean berez ez litzateke beste ezer beharko. Igeriketarako, berriz, betaurrekoak, txanoa eta neoprenoa, uraren tenperatura jasateko. Hor dago gakoa, soinean duzunarekin egin behar izaten delako proba guztia. Kirol hau hedatuz doa, eta espresuki egindako neoprenoak ere sortu dituzte.

Zertan dago zailtasun handiena?

N.A.: Jendeak dio igeriketa zailagoa dela, baina ni igeriketan aritu naiz, eta ez zait batere zaila egiten. Triatloi batean, adibidez, behin bizikletatik jaitsita, oinak landu behar dituzu. Swimrunean, ordea, ez dago arazo hori; korrika egiten duzu, gero igerian deskantsatu, eta korrika berriro hasterakoan freskoago zaude.

J.A.: Uraren tenperaturan egon daiteke arrisku pixka bat. Izan da jendea erretiratu dena hipotermiarekin. Mendian korrika txarra izanda, lasaiago hartu dezakezu proba. Baina, igerian txarra bazara, handicap handia bihurtzen da.

Zer perfileko jendeak parte hartzen du swimrun probetan?

J.A.: Elite mailan ibilitako kirolariak ikusi izan ditugu swimrun probetan. Lasterketetako lehen postuetan jende ezaguna ibiltzen da normalean. Jende beteranoa ibiltzen da, 40 urte ingurukoa. Gero, agian, bikoteka egin daitekeelako, edo gustagarriagoa delako, beste kirol batzuetan baino emakume gehiago ibiltzen da.

N.A.: Gazteak ere hasi di ra parte hartzen. Kirola ezagutarazten ari den neurrian, kirolari gazteak ere hasi dira kirol hau egiten.

J.A.: Swimrunak badu abentura kutsua, eta bikoteka izanda, badu biren arteko lehia sanoa ere.

2017. urtean egin zenuten swimruneko lehenengo proba, eta aurtengoa bigarrena izan da. Beste lau urte igaroko al dira hurrengo lasterketan parte hartzeko?

N.A.: Ezta pentsatu ere! Miarritzeko swimrun proba dago aurretik. Uste dut lasterketa hori Zumaiako triatloiaren egun berean dela. Baina, aurten hara joango gara!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide