Hik Hasi egitasmoak antolatutako jardunaldia egingo da datorren larunbatean Zumaiena Ikastetxean, Pantailak 0-6an zertarako? izenburu hartuta. Adin tarte horretako haurren hezitzaileei zuzendutako topaketa izango da, eta hiru hitzaldik osatuko dute.
0 eta 6 urte bitarteko haurrek pantailekin duten harreman goiztiarrak hezitzaileen artean sortzen duen kezkaren jakitun antolatu ditu Hik Hasik jardunaldiak. Ostiralean Barakaldoko (Bizkaia) BECeko auditoriumean egingo dute, eta egun bat geroago, larunbatean, Zumaienan.
"Ez da gaur sortu den gaia, baina abiada handia hartu du; ez da gai erraza, baina guk Hik Hasitik garrantzi handia duen gai baten moduan ikusten dugu", adierazi zuen Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak herenegun egindako agerraldian. "Hezitzaile eta profesional ezberdinek beren egonezina eta beharra adierazi digute gai hau lantzeko, eta horretara goaz ostiralean Barakaldon eta larunbatean Zumaian. Gure helburua, gaiaren inguruko informazioa eman, hausnartu eta gogoeta sortzea izango da. Hik Hasi topaketarako eta hausnartzeko hezkuntza eragile moduan sortu zen, eta gai garrantzitsu honekin ere hori du helburu". Elkarteak urteak daramatza Haur Hezkuntzari lotutako jardunaldiak antolatzen Bizkaian eta Gipuzkoan.
Hiru hitzaldi
Hiru hitzaldik osatuko dute Zumaian larunbatean egingo duten topaketa. Lehen hitzaldia Anna Ramis kataluniarrak eskainiko du. Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Ramis. 0tik 3ra, pantailarik ez? liburuaren egilea da, eta horren inguruko egitasmoa ere sortu zuen. Berak emango du lehen hitzaldia, Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan? izenburupean.
Bigarren hitzaldia Alvaro Beñaranek eskainitakoa izango da. Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua da eta ASEFOPeko prestatzailea nahiz lehendakaria. Haren hitzaldiak 0-6 urteko haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko eta hor jasotzen dutena kudeatzeko? izenburua izango du.
Hirugarren hitzaldia, berriz, Amaia Arroyo Sagasta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktoreak eta teknologia digitaletan espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakasleak emango du, Pantailak 0-6 adin tartean: gidaritza digitalaren beharra azalarazten izenburupean.
Bi esperientzia ere partekatu ko dituzte Zumaienan egingo duten topaketan. Lehena Axular Lizeoaren eskutik etorriko da; bigarrena, berriz, Ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxek 10 egunez pantailak utzi izeneko erronkaren ingurukoa izango da.
Jardunaldian zehar galderak eta hausnarketak elkarbanatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta hitzaldiak etxetik jarraitzeko aukera ere eskainiko dute. Larunbateko jardunaldian Euskal Herri osoko sare desberdinetako eta askotariko esperientzietako irakasleak elkartuko dira, antolatzaileek azpimarratu dutenez. "Erreferentzia garrantzitsu bihurtuko da herria irakasleentzako eta honen garrantzia nabarmenduko nahi dugu, topaketa posible izango delako Zumaiako Udalari eta Zumaiena ikastetxeari esker".
Izen-ematea oraindik zabalik dago www.hikhasi.eus webgunean. Zumaiako hezitzaileek doan eman ahal izango dute izena, antolatzaileek azaldu dutenez.