Gazte Eskola Politikoak egingo dituzte Zarautzen eta Zumaian

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 15a, 11:49

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu du egitasmoa. Zarauzko Putzuzulon egingo dute saioa larunbat honetan; Zumaiako Torreberrin, berriz, hilaren 26an.

Gazte Eskola Politikoak antolatu ditu Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak, eta Elkartu, errealitatea ulertu eta aldatu lelopean, bi saio egingo ditu: hilaren 20an, larunbat honetan, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, eta hilaren 26an, Zumaiako Torreberri gaztetxean.

"Ikuspuntu kritikoa" sustatu nahian, belaunaldi gazteentzat "hausnarketa politikorako eta eztabaidarako espazio propio bat" eraikitzea da egitasmoaren helburua: "Errealitate kapitalistak sortzen digun ezinegonetik abiatuta, berau ulertzen saiatzeko grina duen ororentzat elkargune bat eskaintzea du xede".

Hainbat dinamikaren bidez, "gizarte antolaketa kapitalistaren oinarrien zein gaurkotasuneko zenbait gairen inguruan" jardungo dute saioetan. Erdigunean jarri nahi dituzte, besteak beste, "sistema kapitalistaren ezaugarriak, krisi kapitalista edota faxismoa" bezalako gaiak.

Saioa eta aisaldia

Gazte Eskola Politikoen lehen saioan Zer da kapitalismoa? I: Kapitalismoaren oinarri ekonomikoak galderari erantzuten saiatuko dira. Gogoeta saioen ondoren, bai Zarautzen bai Zumaian, aisialdirako eskaintza ere izango da: Soinu Beltzak DJek girotuko dute Putzuzulo gaztetxea azaroaren 20an, eta Ukabil eta Apolo G's rap abeslariak ariko dira Torreberri gaztetxean azaroaren 26an.

EGITARAUA

ZARAUTZ-Azaroak 20, larunbata
Putzuzulo gaztetxea
16:00. Zer da kapitalismoa? I: Kapitalismoaren oinarri ekonomikoak.
Ondoren, Soinu Beltzak.

ZUMAIA-Azaroak 26, ostirala
Torreberri gaztetxea
18:30. Zer da kapitalismoa? I: Kapitalismoaren oinarri ekonomikoak.
22:00. Ukabil eta Apolo G's .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide