Aizarnazabalek, Zestoak eta Zumaiak bat egin dute eskola kirol egokitua martxan jartzeko

Ane Olaizola 2021eko azaroaren 15a

Deba eta Itziar ere batu dira egitasmora, eta aniztasun funtzionala duten bost udalerrri horietako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute proiektura. Astean bitan elkartuko dira Zumaian, kirola egiteko, eta interesa duenak gaurtik eman dezake izena.

Zestoako, Zumaiako, Aizarnazabalgo eta Itziarko udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko ordezkariak, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

2022a hastearekin batera, egokitzapena behar duten umeentzako eskola kirola jarriko dute martxan Urola Kostako mendebaldeko hainbat udalerritan, eta proiektuaren berri eman dute gaur, astelehena, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko, Aizarnazabalgo, Zestoako, Zumaiako, Itziarko eta Debako udaletako ordezkariek; izan ere, bost udalerri horietan abiatuko dute egitasmoa.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi duenez, Gipuzkoan hamar pertsonatik batek du ezgaitasun ziurtagiria, eta hain zuzen, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek gazteek "kalitatezko" eskola kirola egiteko eskubidea bermatua izan dezaten egin dute bat udalek, aldundiak eta federazioak. Gainera, "eskualde izaera" eman diote egitasmoari: "Udalerri txiki eta ertainetan ezgaitasuna duten haur eta gazteen premiei erantzun ahal izateko elkartu gara, eta gure helburua da guztiek izatea eskola kirolerako aukera", adierazi du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Izan ere, haren hitzetan, kolektibo hori bi aldiz da kaltetua: "Desgaitasuna edukitzeagatik kaltetua izateaz gain, landa eremuetan edo herri txikietan daudelako ere badira". Egitasmoarekin beraz, bi egoera horiei aurre egin nahi diete.

Izen ematea, zabalik

Amaia Elizondo federazioko ordezkariak ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du egotzitzapena behar duten umeek eskola kirola egiteko eskubidea urratuta izan dutela, eta behar hori asetzeko abiatu dutela egitasmoa. LHn eta DBHn dabiltzan umeei zuzendu diete eskaintza, eta horiek astean bi saio egingo dituzte, Zumaian. Saio bat lehorrean izango da, eta bestea, igerilekuan. Gaurtik hasita, datozen bi asteetan egongo da zabalik izen ematea, eta interesa duenak tokian tokiko eskoletan eta kiroldegietan egin dezake. Proiektuaren inguruko informazio gehiagorako, berriz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren telefono zenbakira deitu dezakete (943-46 25 14).

Arantxa Egaña Itziarko alkateak, bere aldetik, adierazi du "gogotsu eta pozik" dagoela proiektuan parte hartzeko aukera izan dutelako. Izan ere, Itziar zein Deba Debabarrena eskualdekoak dira, baina Egañak azpimarratu du egunerokoan "loturak" dituztela Urola Kostako hainbat udalerrirekin: "Finean, errealitate berdintsua eta harreman naturalak ditugu Urolarekin".

Bestalde, Libana Taboada Aldundiko Kirol teknikariak adierazi du dagoeneko Gipuzkoako hamabost herritan eskaintzen da eskola kirol egokitua, eta guztira, 200 lagun ari direla parte hartzen. "Jarduera fisikoaren bitartez, gizarte inklusioari lehentasuna ematea zer garrantzitsua den azpimarratu nahi dugu". Urola Kosta mendebaldean abiatuko duten egitasmoa, berriz, "arrakastatsua" izatea espero dute antolatzaileek, eta han parte hartzera animatu dituzte familiak. Era berean, federazioak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartuko duten udalerriei, aspalditik datorren eskaera errealitate bihurtuko dutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide