Bueltan dira San Silbestre probak

Ihintza Elustondo 2021eko azaroaren 9a

Urtebeteko geldialdiaren ostean, San Silbestre lasterketak berreskuratuko dituzte Aian, Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.

Iaz ez bezala, urtea korrika amaitzeko aukera izango da aurtengoan. Izan ere, izurriak eragindako etenaren ostean, bueltan dira hain jendetsuak izan ohi diren San Silbestre lasterketak. Urola Kostako herrien artean, Azpeitian da proba hori entzutetsuena, baina beste hainbat herritan ere egin ohi dute: hain zuzen ere, Aian, Aizarnazabalen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Korrikalariak, beraz, pozik egoteko moduan dira.

Azpeitian, Xeye atletismo taldeak antolatu ohi du lasterketa, eta hogeigarren aldiz egingo dute aurten. Azken urteetan bezala, bi proba egingo dituzte: lasterketa irekia 11:30ean, eta lasterketa herrikoia 12:00etan. Azpeitiko plazan hasi eta amaituko dira bi probak.

Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, eta parte hartzeko ez dago izena eman beharrik; nahikoa izango da egunean 11:30erako plazara agertzea. Inklusioaren aldeko korrika saioa izango da, 600 metroko distantzia duena, eta Xeyek herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera. "Aukera bikaina iruditzen zaigu, besteak beste, haurrek beren gurasoekin parte hartzeko, korrika inoiz egin ez duen jendea une batez horretan aritzeko eta inklusioaren bidean bakoitzak bere aletxoa jartzeko. Lasterketa jai bat izatea nahi dugu; aukera ederra da Alde Zaharreko kaleetan barrena korrika eginez denok elkarrekin gozatzeko".

Horren ostean hasiko da lasterketa herrikoia. Ohi bezala, 5,8 kilometroko distantzia izango du probak: ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote partaideek. Dagoeneko zabaldu dute lasterketan izena emateko epea; kirolprobak.com helbidean dago horretarako aukera. Internet bidez izena emateko epea abenduaren 28an amaituko da, 23:59an; bederatzi euro ordaindu beharko da izen ematea. Hortik aurrera, lasterketaren aurreko egunean –abenduaren 30ean– eta egunean bertan –abenduaren 31n– eman ahal izango da izena, Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta. 2007tik aurrera jaiotakoek parte hartu ahal izango dute proba horretan.

Korrikalariek dortsalean izango dute txipa. Dortsalak lasterketaren aurreko egunean eta egunean bertan banatuko dituzte, Azoka Plazan. Abenduaren 31n 10:00tan hasiko dira dortsalak banatzen, eta proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte ariko dira zeregin horretan. Aurten 700 dortsal izango dira; antolatzaileek jakinarazi dute behin baino gehiagotan agortu izan direla, eta beraz, aholkatu dute azken unera arte izena eman gabe ez egoteko.

Proba amaitu ostean dutxatu nahi dutenek Izarraitz pilotalekuan izango dute horretarako aukera. Irteera gunetik ehun metrora dago frontoia, eta bertan izango da arropak uzteko aukera ere. Urtero bezala, sariak izango dira aurreneko hiru gizonentzat eta emakumeentzat, baita lehen azpeitiarrentzat eta azkoitiarrentzat ere. Gainera, parte hartzaile denen artean zozketak egingo dituzte.

Beste herrietan ere bai

Azpeitian ez ezik, beste hainbat herritan ere egingo dute urteko azken eguneko lasterketa. Aian, arratsalde partean egingo dute, eta izena probaren unean bertan eman beharko da.

Aizarnazabalgo Udalak jakinarazi duenez, Aizarnazabalen ere badute lasterketa antolatzeko asmoa. Oraindik ez dute probaren gaineko xehetasunik eman, baina han eguerdian egin ohi dute krosa.

Getarian ere badute lasterketa egiteko asmoa; dena den, azaroko Kirol Mahaiaren bileran landuko dute gaia, eta orduan emango dituzte probaren gaineko xehetasunak.

Zestoan hamargarren aldiz egingo dute San Silbestre lasterketa aurten, ohi bezala, arratsaldez. 17:00etan txikienen txanda izango da; 150 metroko ibilbidea egingo dute haurrek eta gaztetxoek. Ondoren, 12 eta 15 urte bitarteko gazteen eta helduen txanda izango da; 1.250 metroko ibilbidea egingo dute gazteek, eta 2.450 metrokoa helduek. Izen ematea egunean bertan egin beharko da.

Zumaian ere berreskuratuko dute sansilbestrea. Eguerdian egin ohi dute proba han, baina oraindik ez dute horren inguruko xehetasunik eman.

Orion ere egingo dute lasterketa. 2 eta 14 urte bitartekoak 11:00etan hasiko dira korrika, eta 14 urtetik gorakoak, berriz, 12:00etan. Aurten, berrikuntza gisa, herrikrosa.eus bidez eman ahal izango dute izena 14 urtetik gorakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide