Atzo, larunbatarekin, egin zen Aiako I. Mendi Lasterketa Aiako Andatza auzoan. Antolatzaileek 15:30ean abiatu zuten proba Aristerrazuko plazatik, eta parte hartzaileek korrika ekin zioten probari. 4 kilometro egin zituzten korrika Aristerrazuko basoan zehar, zirkuituari bi buelta emanez. Ondoren, 20 kilometroko ibilbidea osatu zuten bizikleta gainean, horretarako egokitutako zirkuituari beste bi bira emanez. Hala, bitan igo behar izan zuten Bulano baserrirainoko aldapa ikaragarria. Handik berriro Aristerrazuko plazaraino jaitsita, oinetakoak aldatu eta azken bi kilometroak korrika egin zituzten berriro.
Emakumezkoen artean, Ainara Pequeño izan zen azkarrena. 2:24:00 denboran zeharkatu zuen helmuga, eta hamalau minutuko aldea atera zion bigarren sailkatutako Nekane Praderari (2:38:18). Ainhoa Usandizaga aiarra izan zen hirugarren (2:42:42).
Pequeñok adierazi duenez, bizikletarekin erritmo egokia bilatu zuen aldapan gora zihoala, eta hori erabakigarria izan zen. "Bi buelta zirela jakinda, lasaiago hartu nuen, eta ondo bilatu nuen nire burua", adierazi du. Erorikoa ere izan zuen beherantz zihoala: "Azken zatian, lokatzagatik, irrist egiteko arriskua zegoen toki batzuetan, eta erorikoa izan dut, zuhaitz baten sustraiaren kontra jo eta gero. Hala ere, gozatzeko moduan zegoen ibilbidea, dibertigarriak izan dira jaitsierak". Azaldu duenez, erosoago sentitu zen bizikletan korrika baino: "Normalean, korrika motelago ibiltzen naiz, gehiago sufritzen dut".
Antolakuntzarentzat ere izan ditu esker oneko hitzak: "Lehen edizioa dela jakinda, oso ondo antolatuta egon zen lasterketa".