Zumaiako energia sorkuntza eta kontsumorako Egutera kooperatiba aurkeztu dute. Egitasmoaren sustatzaile Zumaiako Udalak eta Ekiolak –Mondragon Taldeak eta Euskadiko Energia Erakundeak osatua– herritarrekin batera agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Gernika parkean. Bertan izan ziren Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Elene Santamaria Krean taldeko Ekiola proiektuen arduradun juridikoa, Hodei Arzak Ekiola Kooperatibak taldeko kontseilaria, Ainhoa Illarramendi EAJ udal taldeko bozeramailea, Arritxu Marañon PSE-EE udal taldeko bozeramailea, eta Lore Uranga, Xabier Ureta eta Iñaki Osa Zumaiako herritarrak.
Azaldutakoaren arabera, hasteko eta behin, 1,2 hektareako eguzki panel planta bat sortuko du kooperatibak Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean. Ostolazak azaldu du Eguteraren helburua dela zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera ematea. Haren hitzetan, zumaiarren artean gero eta zabalduago dago energia eredua aldatzeko beharraren kontzientzia, baina hori ekintzetara eramateko bitartekoak behar dira, eta horretarako balioko du proiektuak. Zumaiako Udalak 60.000 euroko dirulaguntza emango dio Ekiolari; kopuru hori da, hain zuzen ere, lursailaren 25 urteko alokairuaren prezioaren baliokidea.
Eguzki panel horietatik sortzen den energia beraien ohiko energia kontsumora bideratzeko, Eguterako bazkide egin beharko dute zumaiarrek. Santamariak azaldu du planta urtebetean martxan egon dadin, 400-500 bazkide inguru beharko direla. Datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzte xehetasunak, Europako dirulaguntzei lotuta daudelako, eta horien arabera bazkidetzaren prezioa ezberdina izango delako.
Trantsizio energetikorantz
Alex Oliden Tokiko Garapeneko zinegotziak azaldu du trantsizio energetikoa bide luzea dela, eta Egutera bide horren lehen pausoa izatea nahi lukeela. Bestelako energia ohitura eta ereduak Zumaian sustraitzen joan daitezen, proiektu honen atzetik pauso gehiago eman beharko dira, Olidenen arabera. Energia Burujabetzarako Batzordea eratzea izango da horietako bat, eta horren barruan, herriguneko teilatuak energia sorkuntzarako balia daitezkeela azaldu du.
Ansola Ekiolaren garrantziaz aritu da: "Herritarren parte hartzeari bide ematen dio, eta udalerriko energia ikuskeran eragingo du, herritarrak autokudeaketa kooperatiboaren ereduan murgilduz energia berriztagarria tokian sortuz".
Bazkidetza
Proiektuan interesa duten herritar, komertzio, ostalaritza eta zerbitzu jarduerak aurrez galdetegia betetzera animatu dituzte. Udalak azaldu du interesa duten herritar horiei informazio zehatza emango zaiela, bazkide egin nahi duten edo ez erabaki dezaten. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo online bete daiteke galdetegia.
Kooperatiban parte hartzeko, inbertsio bat egin beharko dute herritarrek; panelen erosketa finantzatuko dute horrela. Aurreikusitakoaren arabera, gutxienez, 25 urteko funtzionamendua izango du plantak. Merkatuko prezio historikoa 30-40 euro/MWh ingurukoa izatea aurreikusi dute. Gainera, azaldu dute hileroko fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat itzuliko zaiela bazkideei.
Olidenen hitzetan, herritar eta komertzioek izango dute hasieran bazkide egiteko aukera. Etorkizunean herriko enpresei eta bailarako gainerako udal eta herritarrei ere zabalduko diete aukera. Hala ere, bazkideek erabakiko dute Eguteraren etorkizuneko norabidea, Olidenen arabera: "Kooperatiba irekia eta dinamikoa izango da, eta bazkideek izango dute erabakiguneetan gehiengoa".
"Baiezko kritikoa" eman dio EAJk proiektuari
Zumaiako EAJren udal taldeak adierazi nahi izan du "ukaezina" dela mundu mailako klima aldaketaren aurrean herritarrek energiarekin duten jarrera aldatzea.
Bide horretan lan egiteko, Ekiola "aproposa" dela uste dute. Dena den, energia era jasangarrian ekoizteaz gain, kontsumoa gutxitzeko beharra aipatu dute jeltzaleek. Horregatik, Energia Mahaia martxan jarri eta Energia Estrategia 2020 dokumentuko puntuak martxan jartzeko eskatu diote Udal Gobernuari.
Gainera, "bakarkako bidea" hautatzea egotzi diote: "Zumaiako Udal Gobernuak Ekiola kooperatibaren ekimena bakarrik aurrera eramatea erabaki du, inguruko herriekin elkarlana baztertuta. Zumaiako EAJk ez du bat egiten erabaki horrekin; eta hilabete hauetan guztietan, proiektua eztabaidatzen egon garenean, gure zioa beti izan da UKUE edo inguruko herriak bidelagun izatea".
Bide horretan atzera egin eta lankidetzan oinarritutako bidea hartzeko garaiz daudela uste du EAJk. Hala ere, proiektuarekiko "konpromiso irmoa" adierazi du, eta proiektuaren arrakasta bermatzeko eta herritarrek bat egin dezaten "gogor lan egiteko prest" agertu da udal taldea.