Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi du joan den asteburuan Zumaiako emakume batek Zarautzen jasandako sexu erasoaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi dizkie erasotuari eta haren ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak erasoa jasan duen emakumearen esku jarri ditu, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere. Horrez gain, elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako, Zumaiako Mugimendu Feministarekin batera. Gaur, ostirala, 19:00etan Beheko plazan egingo dute mobilizazioa, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Gertatutakoaren berri izan orduko, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu zuen Zumaiako Udalak, erasotuari arreta egokia eta modu koordinatuan ematea ziurtatzeko. Erasoa publikoki salatzeaz gainera, gauza bera egitera deitu ditu herritarrak, "emakumeen kontrako indarkeria ez baita soilik erasoa pairatzen duten emakumeen arazoa, jendarte guztiarena baizik".
Erakundearen hitzetan, "instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea", eta ildo horretatik, Zumaiako Udalak "lehentasunezko konpromiso politikoa" berretsi du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. "Halaber, udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko".
Horrenbestez, Zumaiako Udalak, Zumaiako Mugimendu Feministarekin batera, dei egiten die herritar guztiei ostiral honetan egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Mobilizazioa 19:00etan izango da, Beheko plazan.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Zarauzko Udalaren adierazpenarekin bat
Berriki emakume batek Zarautzen jasandako sexu erasoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen irmoa adierazi nahi du eta bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die erasoaren biktimari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Zarauzko Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen oharrarekin eta nabarmendu nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, emakumeen duintasuna, integritate fisikoa eta sexu askatasuna eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka doazen jarrerek ez dute lekurik gure gizartean.
Egungo testuinguruan, aisialdirako eta harreman sozialetarako aukerak berreskuratzen ari garen honetan, bereziki garrantzitsua da indarkeria matxistaren aurkako mezua indartzea eta zabaltzea. Aldundiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean adi eta konprometituta, erne jarraitzeko.