Iberoamerikako 23 herrialdetan egiten diren film edo telesailetako lan onenak saritzen dituzte Platino Sariek. Sari hauek emateko gala atzo egin zen Madrilen, eta telesail batean egindako lan onenaren saria jaso zuen Elena Iruretak. Ilusioz gainezka hartu zuen Iruretak saria. "Elkarbizitzarako eta etorkizun hobe baterako bidea irekitzen duen lana saritu duzue", esan zuen Iruretak galan. Patriak, guztira, lau sari jaso zituen.
Fernando Arambururen eleberrian oinarritutako telesail honetan egindako lanarengatik jasotzen duen hirugarren saria da igandekoa. Urte hasieran, Forque saria jaso zuen Iruretak, eta martxoan Feroz saria.