Sekula baino gogorragoa zen aurtengo Flysch Trail mendi lasterketako ibilbidea, Munduko Koparako puntuagarria zelako, eta horri euria, haizea eta lokatza gehitu behar izan dizkiote gaur. Batzuei "ondo" etorri zaizkie baldintza horiek, lasterketa amaitu berritan Raul Criadok hedabide honi aitortu dionez. Aragoiko gaztea gailendu da nagusitasun osoz gizonezkoetan, maratoia 4:35:16 denboran osatu eta Ismail Razga bigarrenari hogeita lau minutuko aldea aterata.
Criadok esan du bazuela gogoa lasterketa hau egiteko, eta eguzkitan baino nahiago zuela gaurko baldintza gogorretan aritu. Hala ere, "ezustean" harrapatu omen du garaipen bikoitzak, XII. Flysch Trail maratoiaz gain, Munduko Kopa ere irabazi baitu –Zumaiakoa zen azken proba puntuagarria–. Ibilbidea eta paisaia asko gustatu zaizkiola esan du, eta teknikoki toki arriskutsuren bat egon den arren, ez duela aparteko trabarik aurkitu.
Criado lasterketaburu zen 17. kilometrorako, Andutzen. Ordura arte Razga zebilen aurretik, baina ezin izan dio Criadoren erritmoari jarraitu.
Charlotte Morgan gailendu da emakumezkoetanHirugarren Igon Manzisidor sailkatu da, 5:03:22 denborarekin. Debarrak ondo baino hobeto ezagutzen zuen ibilbidea, eta halaxe aitortu du: "Andutz inguruan entrenatzen dut eta gaur, ikusita nolako ibilbide gogorra jarri duten, tentuz joan naiz, eta nire estrategia izan da indarrak amaierarako gordetzea". Ondo baino hobeto egin ditu kalkuluak, eta podiumean sartzea lortu du.
Eremu arriskutsuren bat ikusi du debarrak ibilbidean. "Jende asko ibiltzen ez den tokiren bat bazen nahiko arriskutsua, eta espero dut inork ez zuela minik hartuko". Gainerakoan, korrika egiteko tenperatura ona eta jan-edanerako nahikoa postu bazeudela azpimarratu du Manzisidorrek.
Emakumezkoetan, Eskoziara txapela
Emakumezkoetan Oihana Kortazar elgetarra atera da lasterketaren buruan. 2019an berak irabazi zuen proba, baina gaurkoan aurkari sendoa topatu du ibilbidean zehar: Charlotte Morgan eskoziarra. Elkarrekin egin dituzte aurreneko kilometroak, baina aldapa behera hasi direnean hartu dio aurrea Morganek, Kortazarrek berak kontatu duenez, eta elgetarra ez da gai izan jarraitzeko: "Ikusi dut arrisku gehiago nuela min hartzeko, lasterketa irabazteko baino", airtortu du.
Hala, bigarren postua bermatu nahi izan du, eta baita lortu ere. Morganek zazpi minutu atera badizkio Kortazarri 5:18:30 eta 5:26:25 denborak eginda hurrenez hurren, Kortazarrek hirugarrenari ordubete eta hamaika minutu atera dizkio. Belen Perez izan da podiuma osatu duena 6:29:55 denbora eginda, eta Nerea Amilibia zarauztarra helmugaratu da laugarren.
Morganek eta Kortazarrek lan benetan ona egin dute, gizonezkoak kontuan hartuta ere sailkapeneko aurreneko postuetan sailkatu baitira: seigarren Morgan, eta bederatzigarren Kortazar.
Antolatzaileek azpimarratu dute parte hartzaile guztien %35 izan direla aurten emakumezkoak, eta duela hiru urte %15ekoa zela kopurua.
Ikusi hemen sailkapena osorik.
Maratoi erdian, zestoarra podiumera
Azkar joan da maratoi erdia. Geoffrey Ndunguk 1:36:48 denboran burutu du, eta 25 segundoko aldea atera dio bigarren gizonezkoari: Sandor Szabo 1:37:13 denborarekin sailkatu da. Hirugarrena Amets Aranberri zestoarra izan da, 1:37:59 denbora eginda. Pozarren zen 24 urteko zestoarra proba amaitu ondoren. "Behin" egin zuen ibilbidea entrenamendu gisa, eta ezustekoa izan da gaur hirugarren sailkatzea. "Ikusi nuen nolako maila altua zegoen, eta ni nire lana egitera etorri naiz. Ezustekoa izan da hirugarren egitea", aitortu du.
Maratoi erdiko irabazle keniarrak: Geoffrey Ndungu eta Joyce Njeru.Proba aurreneko aldiz egin duenez, ez zeukan erreferentziarik denborari dagokionez, baina 1:42an egin nahi zuen, eta majo hobetu du helburua. "Eguraldia kontuan hartuta, oso gustura egoteko moduan naiz", esan du.
[caption id="attachment_420121" align="aligncenter" width="500"]
Emakumezkoetan, Joyce Njeru izan da nagusi 1:41:32 denbora eginda. Aise gailendu da, eta sailkapen orokorrean ere seigarren egin du keniarrak. Bigarren Lucy Wambui izan da, 1:42:15 denbora eginda, 43 segundora. Alice Gaggik itxi du podiuma emakumezkoetan, 1:49:18 denbora eginda.