Pandemiak eragindako iazko hutsartearen ondoren, bueltan da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Igandean jokatuko da probaren hamabigarren edizioa, bi distantziatan banatuta: maratoia eta maratoi erdia. 700 korrikalari inguruk eman dute izena, eta ibilbidearen zailtasunari bakarrik ez, iragarpenak betetzen badira, behintzat, eguraldi txarrari ere aurre egin beharko diote kirolariek.
Igandeko lasterketaren nondik norakoak azaldu zituzten atzo eguerdian egindako ekitaldian. "Erantzukizuna" hitza aipatu zuen behin eta berriro Zumaia Flysch Traileko antolaketa taldeko buru den Bosco Garitanok iazko edizioa bertan behera uzteko arrazoi bezala. "Erantzukizuna kirolariekiko, baita babesle eta boluntarioekiko ere". Izurriteak behartutako atsedenaldian bulego lanak egin dituzte, eta hala, lasterketa indarberrituta itzuli da hamabigarren edizioan.
Bi distantziatan jokatuko da lasterketa. Maratoian arituko diren korrikalariek 42,8 kilometroko bidea egin beharko dute, eta 07:30ean abiatuko dira Eusebio Gurrutxaga plazatik; 2.916 metroko desnibel positiboa izango du lasterketa horrek. Maratoi erdiko korrikalariek, aldiz, 22,2 kilometroko bidea izango dute aurrean, eta horiek 08:30ean aterako dira; Gurrutxaga plazatik abiatuko dira horiek ere. Kasu horretan, 850 metrokoa izango da desnibel positiboa.
Maratoiko probaren zati handi bat Andutz mendian egingo da. Garitanoren esanetan, "oso zirkuitu teknikoa" da, eta "beldur da" iganderako iragarrita dauden euri zaparradek ez ote duten oraindik eta gehiago zailduko proba.
Biak ala biak, maratoia eta maratoi erdia, Munduko Koparako puntuagarriak izango direla iragarri zuen Garitanok. Lehenak, proba luzeak, WMRA erakundeak antolatzen duen Long Mountain Koparako puntuak emango ditu; maratoi erdia, berriz, erakundeak berak antolatutako Classic Mountain Koparako puntuagarria izango da. Horri esker, mundu osoko korrikalari esanguratsuak izango dira igandean Zumaiako plazan. Zentzu horretan, "kalitatea bermatuta" egongo dela nabarmendu zuen.
Guztira, 700 korrikalari inguruk parte hartuko dute proban: 120k maratoian, eta gainontzekoek maratoi erdian. Ez dira, ordea, denak batera aterako: COVID-19aren ondorioz hartutako segurtasun eta osasun neurriek hala behartuta, ehuneko multzoetan abiatuko dira.
Zumaia Flysch Trailaren aurreko edizioetan bezala, hamabigarren lasterketak ere tartea egingo die omenaldiei. Zehazki, bi mendizale omenduko dituzte: Amaia Aranzabal Errezilgo bizilaguna, 1992ko irailean Cho Oyu tontorra zapaldu zuen mendizalea –8.000 metrotik gorako mendi bat igo zuen lehen emakume euskalduna izan zen–, eta Josu Bereziartua mendizale azpeitiarra, 8.000 metrotik gorako zazpi tontor igo dituena. Aurreko urteetan ez bezala –omenaldia lasterketaren irteeran egiten zen–, lasterketak oso goiz abiatuko direnez, ekitaldia eguerdian egingo dute, 13:00etan, Gurrutxaga plazan bertan.
Emakumeen parte hartzea
Mendi lasterketan emakumeen parte hartzea sustatu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Saila eta Flysch Trail elkarlanean hasi ziren orain hiru urte. Horretarako, entrenamenduen plangintza bat prestatu zuten, eta saio horietatik kopuru jakin bat egiten zutenek lasterketan parte hartzeko txartela lortuko zuten. Proposamenak arrakasta izan du, eta hiru urteko epean emakumeen parte hartzea hogei puntu igo da, %15etik %35era. Helburua, baina, parekotasuna lortzea dela azaldu zuen aldundiko Kirol zuzendari Goizane Alvarezek. Zumaiako lasterketan izandako esperientzia positiboak animatuta, aurrez aipatutako plangintza beste kirol batzuetara ere zabaldu dutela gaineratu zuen Alvarezek.
Lasterketaren arrakasta balioetsi zuen Iñaki Ostolaza alkateak. "Oso erakargarria da, eta jakin badakit maratoi erdiko lasterketan herritar askok parte hartuko duela. Horrek erakusten du probak zer harrera ona duen. Amateur mailan aritzen garenontzako proba hau egitea oso garrantzitsua da", nabarmendu zuen.
Hondakinen inguruko hiru hitzaldi izango dira
Zaindu ingurumena da aurtengo probaren leloa, eta horri lotuta, Flysch Kulturala izeneko zikloaren barruan, hiru hitzaldi antolatu dituzte, hondakinei buruz. Lehena atzo bertan izan zen, eta Zaborrak itsasoan izan zen gaia; EHUko irakasle Cristina Peña izan zen hizlari.
Gaur izango da bigarren hitzaldia, Zaborrak espazioan izenburupean. Antonio Jimenez eta Roke Cepeda astrofisikariak izango dira hizlariak. Jimenezek atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, "arazo larria" dago espazioan. "Satelite asko bidali dira, batzuk beharrezkoak, eta hondakin metaliko asko ari da pilatzen. Dentsitatea hain handia denez, arazoak sor daitezke: sateliteen artean talkak egon daitezke, eta gerta liteke satelite berrientzako lekurik ez egotea".
Larunbatean, berriz, Zaborrak goi mendiko kanpamenduetan hitzaldia emango dute Sebastian Alvarok, Juanjo San Sebastianek, Juanito Oiarzabalek, Josu Bereziartuak eta Amaia Aranzabalek. Mendi tontorretan pilatutako hondakinen aurrean, egoera aldatzea "gure esku" dagoela azaldu zuen San Sebastianek.
Hitzaldi guztiak Zumaiena ikastetxeko areto nagusian egingo dituzte, 19:00etatik aurrera.