Euskal Kostaldeko Geoparkean egindako ikerketa batek dinosauroen desagerpenari buruzko datu esanguratsuak plazaratu ditu

Mireia Galarza Bastida 2021eko irailaren 25a

Ikerketak berretsi egin du duela 66 milioi urte dinosauro ez abianoen eta itsasoko eta lurreko beste organismo batzuen desagertzea asteroide handi baten eraginaren ondorioa izan zela. Era berean, ikerketa horren emaitzek baztertu egin dute muturreko sumendiek Kretazeoaren amaierako espezieen suntsipen masiboan eragina dutela.

Dagoeneko baditu emaitzak Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyschean oso osorik egin den ikerketak. Hain zuzen, Aragoiko Ingurumen Zientzietako Ikerketa Unibertsitate Institutuko Vicente Gilabert, Ignacio Arenillas eta Jose Antonio Arz ikertzaileak arduratu dira ikerketaz, Bartzelonako Unibertsitateko Lurraren Zientzien Fakultateko Sietske Batenburg ikerlariarekin elkarlanean.

K/Pg muga: Kretazeoaren amaiera Zumaiako kostaldean

Taldeak zehaztasun handiko laginketa egin du Zumaiako itsaslabarretan egin den azterketan; hain zuzen, orain dela 66.4 eta 65.4 milioi urteen bitartean metatutako mikrofosiletan aberatsak diren sedimentuak eta arrokak aztertu ditu. Denbora tarte horretan, planetako bost masa suntsipen handietako bat definitzen da, Kretaziko-Paleogeno (K/Pg) muga deritzona.

Ikerketa horretan, ikertzaileek desagertze masiboaren aurreko eta ondorengo klima-aldaketak aztertu dituzte. Era berean, lehen aldiz aztertu da klima aldaketa horiek denboraren eskalan bat egiten duten Indiako Dekan eremuko bolkanismo masiboaren aldaketekin, baita lurraren orbita-aldaketekin ere.

Konfigurazio astronomiko horiek - 405, 100, 41 eta 21 mila urtean behin errepikatzen diren Milankovitchen ziklo famatuek - jasotako eguzki erradiazioaren kantitatea erregulatzen dute, gure planetaren tenperatura globala moldatzen dute eta ozeanoetara iristen den sedimentu mota baldintzatzen dute. "Geoparkeko sedimentuetan identifikatutako periodikotasun horiei esker, azken dinosauroak bizi izan ziren garaian gertatu ziren gertaera klimatikoen datazio zehatza ezarri ahal izan dugu", azaldu du Zaragozako Unibertsitateko Lurraren Zientziak Saileko Vicente Gilabertek.

Bereizmen handiko klima berreraikitzearen analisia karbonoaren portaera isotopikoa eta foraminifero planktonikoen azterketaren arteko analisi konbinatuaren bidez egin da. Zumaiako Kretazeoko foraminifero planktonikoen %90 baino gehiago duela 66 milioi urte desagertu zen. Gertakari hori bat dator karbonoaren zikloan izandako asaldura handiarekin eta Chicxuluben (Mexiko) eragin zuen asteroidearen inpaktuak sortutako beirazko esferrulen metaketarekin. Zumaiako esferula geruzaren bereizmen handiko mikroskopioaren argazkiak ere ekarri ditu ikerketak.

Ondorio esanguratsuak

Ikerketaren ondorioek erakusten dute duela 66 milioi urte inguru Chicxuluben eraginarekin zerikusirik ez duten eta klima asko berotzen duten hiru gertaera daudela - gertaera horiei gertaera hipertermalak deritze -. Lehenengoa, LMWE izenekoa eta K/Pg muga baino lehenagokoa, 66.25 eta 66.10 Ma bitartean datatu da. Beste bi gertaera horiei -desagertze masiboaren ondorengokoak- Dan-C2 (65,8 eta 65,7 Ma bitartean) eta lc29n (65,48 eta 65,41 Ma bitartean) deritze.

Geoparkeko kideen arabera, azken hamarkadan "eztabaida bizia" izan da aipatutako gertaera hipertermalak Dekanaren jarduera bolkanikoaren hazkundeak eragin zituen ala ez erabakitzeko. Izan ere, jarduera horrek berotegi efektua eragiten duten gas ugari isuri zituen atmosferara. "Gure emaitzen arabera, gertaera hipertermal horiek guztiak Lurraren muturreko konfigurazio orbitalekin sinkronian daude. LMWEak bakarrik, 2 °C eta 5 °C bitarteko berotze globala eragin zuenak, badirudi denbora harremana duela Dekanaren erupzio aldi batekin. Horrek esan nahi du bolkanismoaren efektuen eta Kretazeoko azken eszentrikotasun maximoaren konbinazioak eragin zuela", zehaztu dute adituek.

Azterketak erakusten du klima-aldaketa orbital horiek, Dekanoaren bolkanismoak puntualki areagotu dituenak, pixkanaka-pixkanaka gertatu zirela ehunka mila urteko eskalan, eta ez dutela zerikusirik K/Pg mugako espezieen suntsipen masiboarekin.

"Datu horiek baieztatuko lukete desagerpena Lurreko sistematik guztiz kanpo zegoen zerbaitek eragin zuela: Kretazeoaren amaierako berotze global horretatik (LMWE) 100.000 urtera gertatu zen asteroide baten inpaktuak", azaldu du ikertzaile taldeak. «Gainera, laginketaren xehetasunek frogatu ahal izan dute, halaber, K/Pg mugaren aurreko azken 100.000 urteetan ingurumen-egonkortasun handia egon zela, ageriko nahasmendurik gabe, eta espezieen suntsipen masiboa bat-batean gertatu zela denbora geologikoaren eskalan", diote ikertzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide