Iazko eta 2019 datuekin alderatuta, igo egin da hiru herri hauek bisitatu duten lagunen kopurua. Euskal Kostaldeko Geoparkeak emandako datuen araberan, uda denboraldia osatzen duten hiru hilabetetan –ekaina, uztaila eta abuztua–, guztira 12.974 lagunek parte hartu dute Geoparkeak antolatutako bisita gidatuetan. Iaz, pandemiaren okerrenean, 10.275 lagunek parte hartu zuten bisita hauetan, eta 12.868k 2019an. Horrez gain, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoek 21.552 bisitari hartu dituzte ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartea. Iazko kopuruekin alderatuta bikoitza dela nabarmendu du Geoparkeak.
“Gutxigatik bada ere, 2019eko datuak gainditzea oso albiste ona da Geoparkearentzat” eta horrek Geoparkearen geoturismo eskaintza aproposa dela bermatzen duela uste du Geoparkeko kudeatzailea den Leire Barriusok. “Esfortzu handia egin dugu urtean zehar irteera gidatuen programa mantentzeko”, gogorarazi du Barriusok. Kudeatzaileak azpimarratu duenez, Geoparkeak bisitariak jaso ezin zituen garaian doako bisita gidatuak antolatu zituen hiru herrietako bizilagunei zuzenduta, “herritarrek beren herrietako ondare geologiko, natural eta kulturalaz” gozatzeko aukera izan zezaten.
Uda honetan euskal kostaldera hurreratutako bisitarien tipologian aldaketa izan dela azpimarratu du erakundeak. “Nazioarteko mugikortasunean mugak daude oraindik, horregatik, aurten, Estatuko turismoan oinarritu da jarduna: Zumaian eta Mutrikun % 80 eta % 76 Estatuko bisitariak izan dira eta Deban % 40. Madriletik, Valentziatik eta Kataluniatik etorri dira batez ere. Erkidegoko bisitari kopuruak behera egin du aurten eta atzerritar gehiago hurbildu dira gure kostaldera aurreko urteko datuak alderatuz”.
Bisita gidatuak udazkenean ere
Udazkenean ere bisita gidatuak eskaintzen jarraituko dutela iragarri du Geoparkeak. “Urrian, egunero eskainiko ditu bisita gidatuak, astelehenetan izan ezik, Geoparkeko balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan, ordea, astelehen eta asteazkenetan izan ezik, asteko beste egunetarako proposamenak prestatu ditu Geoparkeak eta abenduan, irteera gidatuak astebururo eta jaiegunetan eskainiko dira”.
Bisita gidatuen egutegi osoa geoparkea.eus webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.