Eskualdeko herrietan elkarretaratzeak antolatu ditu Sarek

Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 17a

Izatez bihar Arrasaten egitekoak ziren manifestazioa bertan behera uztea erabaki du Sarek "konfrontazio espaziorik ez elikatzeko", eta herriz herri elkarretaratze deialdiak egin dituzte biharko. Eskualdeko hainbat herritan jarri dute hitzordua zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurka egiteko.

Zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurka manifestazioa egitekoa zen Sare presoen aldeko plataforma bihar Arrasaten (Gipuzkoa), baina gaur goizean egin duen agerraldian jakitera eman duenez, plataformak martxa bertan behera uztea erabaki du, "konfrontazio espaziorik ez elikatzeko". Horren ordez, plazaz plaza elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, bizi osorako zigorren aurka eta giza eskubideen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde egiteko. Izan ere, goizeko agerraldian Sareko bozeramaileek adierazi dute biharko deitutako manifestazioaren harira "presio izendaezina" jasan dutela Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek. Hori dela eta, ohartarazi dute ez dietela "konfrontaziorako aukerarik" eman nahi "ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa" zutenei. 

Urola Kostan izango dira Sarek herriz herri deituriko elkarretaratzeetako hainbat: Azpeitian 12:00etan elkartuko dira plazan; Zestoan, 12:30ean plazan; Zumaian 12:30ean Magnoliopean; eta Zarautzen, 13:00etan Lege Zaharren enparantzan. Azkoitiko Sarek, berriz, Azpeitiko elkarretaratzera joateko deia luzatu die azkoitiarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide