Urola Kostako emakumeek asteburuan ekingo diote futboleko denboraldiari. Anaitasuna eta Zarautz Emakumezkoen Euskal Ligan ariko dira, eta Lagun Onak eta Zumaiako Emakumezkoen Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailan.
Anaitasuna
Azkoitiko Anaitasunak bihar hasiko du Emakumezkoen Euskal Ligako 2021-22 denboraldia, 17:00etan, Txerloian. San Martin Hauskaitz izango dute ligako lehen aurkaria. Arabako Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan lehena eginda igo da talde hori Euskal Ligara.
Azken denboralditik aurtengora aurpegi aldaketa batzuk izan dira nesken taldean. Zehazki, bi baja izan ditu Anaitasunak. Lau jokalari berri batu dira taldera, ordea: Jone Larrañaga azkoitiarra Realetik itzuli da Txerloira, eta kadete mailatik lehen taldera jauzia eman dute Alba Urzelaik, Ane Epeldek eta Eider Azpiazuk. Gorka Zubizarreta entrenatzailearen arabera, ordea, taldearen fitxaketarik onena iazko jokalariei eustea izan da. "Blokea mantentzea lortu dugu. Bost jokalarik maila bat gorago jokatzeko aukera izan dute, baina guztiek erabaki dute Anaitasunan jarraitzea".
Haren esanetan, azken denboraldia baino "gogorragoa" izango da aurtengo sasoia. "Iazko maila bera emanda, ez dugu txapelketa iaz bezala hirugarren postuan amaituko, ziurrenik". Hala eta guztiz ere, itxaropen handia du aurtengo urterako ere, eta azken denboraldia errepikatzetik ahalik eta gertuen egon nahi du. "Aurten ere iazkoa errepikatzea gustatuko litzaiguke, goiko postuengatik borroka egitea. Halere, onen artean sartu nahi badugu, azken denboraldiko maila hobetu beharko dugu".
Zarautz
Euskal Liga hasiko du bihar emakumezkoen Zarauzko talde nagusiak. Goierri Gorri taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Astiko zelai artifizialean, 15:30ean hasita.
Marta Aranburu kapitainak azaldu du aurtengo taldean, iazkoarekin alderatuta, jokalari gazte ugari daudela. Bajak izan dituzte, eta gazte askok egin dute bat talde nagusiarekin. 15-20 urte bitarteko jokalariak dira taldekideetako asko, eta Aranburu da zaharrena, 30 urterekin.
Iaz denboraldi ona egin zuen Zarautzek, eta Aranburuk nabarmendu du zeukaten taldeko giroa zela, batez ere, beren punturik indartsuena. "Aldageletako giroak eragin handia dauka futbolean aritzerakoan", zehaztu du zarauztarrak. 2021-2022 sasoiari begira, jokalari berri asko daudenez, zalantza dauka zer gertatuko den. "Lan asko dago egiteko, baina saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten eta emaitza onak lortzen".
Lagun Onak
Azpeitiko Lagun Onak klubaren emakumeen talde nagusiak igandean hasiko du Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailako sasoia. Eibarren kontra jokatuko dute lehen jardunaldia, iazko txapeldunaren kontra, beraz; 12:00etan hasiko da neurketa, Unbeko zelaian.
Abuztuaren 17an hasi zen Lagun Onak denboraldi berrirako prestatzen, eta denboraldi aurrean taldeak "behetik gorako bidea" egin duela dio Unai Urbizu entrenatzaileak, jokatu dituzten hiru lagunartekoak aipatuta: "Lehendabizikoan Hernanik egurra eman zigun. Beste biak, aldiz, Mutrikuren eta Aranbizkarraren kontra, erraz irabazi ditugu".
Hogei jokalarirekin ekingo dio ligari Lagun Onakek. Asko izan ez arren, aldaketa aipagarri batzuk baditu taldeak aurreko denboraldiarekiko: Joane Korta Oiartzunek fitxatu du, eta Nahia Plazaola atezainak eta Ane Balentziagak taldea utzi dute. "Ane Errazu atezaina ekarri dugu Azkoititik, eta gainerakoan gure kadeteen taldean ari ziren gazteekin osatu dugu taldea. Iaz COVID-19a eta ikasketak tarteko taldea utzi zuten bi jokalari ere itzuli dira aurten taldera", kontatu du Urbizuk. Joan den denboraldiarekin alderatuta, "talde gazteagoa" dutela nabarmendu du entrenatzaileak. Orain arte ikusitakoarekin gustura dago, taldeak "itxura ona atera" duelako, baina ez du helburu zehatzik ezarri nahi oraingoz.
Udaberrian, Euskal Ligarako igoera fasea jokatu zuen Lagun Onakek –Añorgak kanporatu zuen finalaurrekoan–, baina Urbizuk nahiago du alderaketarik ez egitea. Futboleko gainerako lehiaketek bezala, ohiko itxura berreskuratuko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailak; 2020-2021ean pandemiaren eraginez ezohiko liga laburra eta multzoka banatuta jokatu ondoren, ohiko iraupena eta hamabost taldeko multzo bakarra berreskuratuko ditu hastear den 2021-2022 denboraldian.
Zumaiako
Gipuzkoako Ohorezko Erregionalen mailan ariko da aurten ere emakumezkoen Zumaiako futbol taldea. Igandean jokatuko dute lehen neurketa, Urnietaren aurka, etxetik kanpo. 18:00etan hasiko da partida.
Aurreko urteko maiatzean hartu zuen taldea entrenatzeko ardura Jokin Gorostolak, eta denboraldi honetan ere bera ariko da lan horretan. Hiru baja izan dituzte aurreko sasoitik, baina jokalari gazteak hasi dira taldean, eta aurretik taldea utzita zeukaten beste hiru ere batu dira. "Uste baino jokalari gehiago izango gara taldean azkenean: hemeretzi". Aurreko urtean emaitza onak lortu zituzten, eta aurten ere maila altua ematea espero dute: "Gure helburua lehen bosten artean ibiltzea da, baina, tira, ikusiko dugu denboraldia nola joaten den".
Ligan aurrena geratzen den taldea Euskal Ligara igoko da, baina Gorostolak dio, printzipioz, Zumaiaren helburua ez dela hori. "Gure helburua urte ona egitea da, eta taldea apur bat sendotzea, oso gazteak baitira asko". Izan ere, 16 eta 18 urte arteko jokalari asko daude taldean, beraz, formakuntzan sakontzea eta bizpahiru urte barrura begira talde sendoa osatzea dira Gorostolaren xedeak.