Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren barruan, bost kontzertu antolatu dituzte Deba, Orio, Getaria eta Zumaia artean. Lehen emanaldiarekin aste honetan hasiko dira, igandean bertan, eta azkena urriaren 2an egingo dute, biak ala biak Deban. Gainerako hiru saioak, berriz, eskualdeko hiru udalerritan banatuko dituzte.
Irailaren 11n, 20:30etik aurrera, Gerardo Rifón organo-jotzailea, Francisco Herrero biolinista eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa ariko dira zuzenean Getariako Salbatore elizan. Sarrera doan izango da, eta gonbidapenak bihartik aurrera jarriko dituzte eskuragai turismo bulegoan; edukiera mugatua izango du.
Hurrengo kontzertua Orion izango da, hilaren 18an, larunbatarekin. Aarón Ribasek Toccata Notturna eskainiko du San Nikolas elizan, 19:00etan hasita, sarrera librearekin. AFAGIren aldeko kontzertu solidarioa izango da. Hilabete bukaeran, irailaren 29an, Pau Riurók tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu San Pedro parrokian. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta gonbidapenak eskuratu beharko dira aurrez bertaratzeko.