Gizonezkoetan ere Orio bakarrik ariko da Kontxan

Aritz Mutiozabal 2021eko irailaren 2a

20:44,38 denbora lortu dute oriotarrek, eta bosgarren sailkatu dira. Getariak, Zumaiak eta Zarautzek ezin izan dute sailkatzerik lortu.

Arraunerako oso exijente zegoen itsasoa gaurkoan, gizonezkoen Kontxako sailkatze estropadan. Badiaren kanpoaldean haizeak bortizki jotzen zuen ipar-ekialdetik, eta txalupak balantzaka egiten zuten aurrerantz lehen luzean, kasik ezinean, bakoitzak kale egokiena bilatu nahian. Teknikoki zaila zegoen arraun eremua, eta asmatzen ez zuenak denbora asko galtzeko arriskua zuen. Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden traineruek ez dute hutsik, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe.

Santurtzik egin du erlojupeko denborarik onena (20:23,68), eta Orio izan da eskualdeko ordezkarien artean Kontxako bi igandeetarako sailkatu den bakarra. Bosgarrena izan da, Santurtzirengandik 20 segundora; izan ere, itsaso zakarren eraginez, arazoa izan dute ziaboga txukun hartzeko eta ontzia joan zaie.

Ezustea, nolabait esateko, Galiziako taldeek eman zuten. Eusko Label Ligan beheko postuetan ibili izan dira Ares eta Cabo, baina gaurkoan estropada serioa jokatu dute eta barruan sartu dira. Zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares; hurrenkera horretan sailkatuta.

Gainerakoak ez

Zarautzek,Getariak eta Zumaiak ez dute txartelik lortu. Zarautzek iaz egindako balentria berrestearekin egin du amets, nahiz eta jakin oso konplexua izango zela. Saiatu saiatu dira, baina baldintzak ez dute horretarako bide eman. Azkenean, hamahirugarren postuan bukatu dute, 21:16,30 denborarekin. Bestalde, ikusmin handia egon da jarrita Getariarengan. KAE 1 Ligako txapelduna izanik, zer moduz moldatuko ote zen jakin nahi izan dute zaleek. Agian guztiz asmatu ez arren, hamargarren egin dute (21:01,08), eta play offean aurkari izango dituen Kaiku eta Tiran atzean utzi ditu. Zumaia, berriz, hemeretzigarren sailkatu da (21:50,44).

Igandeko txanden zozketa ere egin dute, eta honela geratu da: Oriok bigarren txandan lehiatuko da Santurtzi, Cabo eta Aresekin; lehen txandan, berriz, Hondarribia, Zierbena, Urdaibai eta Zierbena ariko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide