Egutegia, Zumaiako oroigarria

Juan Luis Romatet 2021eko irailaren 2a

Zumaiako txokoez eta paisaiez osatutako egitaraua prestatu du Distira argazki elkarteak. Salmentatik ateratako dirua herriko merkatariei eta osatalariei laguntzera bideratuko dute.

Zumaiako txokoen eta paisaien irudiez osatutako egutegia prestatu du Distira argazki elkarteak. Herrira opor garaian etorritako bisitariek beren etxeetara oroigarri bat eramateko asmoarekin ondu dute almanaka. Haren salmentarekin, herriko merkatariak eta ostalariak lagundu nahi dituzte.

"Turismoari lotuta Zumaia susustatzeko eta elkartearentzako diru apur bat lortzeko egutegia prestatu genuen lehenbizikoz duela pare bat urte. Iaz ezin izan genuen argitaratu, pandemia zela eta", dio Distira argazki elkarteko presidente Soraya Lopezek. Egutegiaren ideia urtarrilean egindako asanbladan berreskuratu zuen Distirak, baina beste planteamendu batekin. "Bagenekien 2020. urtea oso zaila izan zela turismo arloarentzat nahiz dendari eta ostalari txikientzat. Horregatik, egutegia ateratzea erabaki genuen, baina haren salmentatik ateratako dirua sektore horretara bideratzea". Proposamenak harrera ona izan zuela nabarmendu du Lopezek, bai merkatarien, bai elkarteko kideen artean. "Gainera, Zumaiara etorritako bisitarientzako opari polita izango litzateke egutegia". 

Almanakak hamahiru argazki biltzen ditu: hilabete bakoitzerako bana, gehi azalekoa. Zehazki, elkarteko hamahiru bazkidek parte hartu dute; haietako bakoitzaren argazki bat dago egutegian. Formatu txikiko egutegia da: "Mahaiko egutegia izango da, erraz eramateko modukoa".

Gai aldetik, askotariko argazkiak jaso nahi izan dituztela azpimarratu du Lopezek. "Egutegia flyscharen argazkiekin osatzea zen errazena, baina ez genuen hori nahi. Noski, Zumaiako egutegia denez, San Telmo ermitako nahiz hondartzetako irudiek agertu behar dute, baina herriak argazkietan jasotzeko txoko askoz gehiago ditu", nabarmendu du. "Elurretako argazkiak sartu ditugu, gauekoak, itsasontzi batetik ateratakoak, dronen bidez lortutakoak, ilunabarrak, panoramikoak... Horiez gain, une jakin batzuetan soilik atera daitezkeen argazkiak ere badaude, Itzurungo labarretako leizezulokoa, kasu".

Egutegia turismo bulegoan, Santa Klara nekazal etxean, Flysch hotelean, Jesuskoa nekazal etxean, eta Xiru eta Mandala saltokietan eros daiteke. Herriko beste dendaren batek ere saldu nahiko balu, Distira elkartearekin edota turismo bulegoarekin jar daiteke harremanetan. "Hiru euroko prezioa du egutegiak, eta herriko merkataritza nahiz ostalaritza laguntzeko modua izango da hura erostea".

Egitasmoak jarraipena izango duen itxaropena du Lopezek. "Jendea egutegia erostera animatzen bada eta proiektuak arrakasta badu, hurrengo urteetan jarraitzeko aukera izango dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide