Ertzaintzak desagertutako erromesa Deba eta Zumaia artean bilatzeari utzi dio

Urola Kostako Hitza 2021eko irailaren 2a

Ez dute ezer topatu kanpin dendaren 500 metroko erradioan, eta handik kanpo bilatzen jarraituko dute. Udaltzaingoak desagertutako pertsona Zumaiatik igaro zela uste du. Nabarmendu dute edozein informazio izan daitekeela baliagarria pertsona hori bilatzen laguntzeko.

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak herenegun ekin zion Deba eta Zumaia artean, 500 metroko erradioan, desagertutako erromesaren bilaketari. Airez eta lurrez miatu ondoren, inguru horretan bilatzeari utzi zioten atzo, asteazkena. Hala eta guztiz, ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi dio Udaltzaingoak Baleikeri. 

Edonola ere, udaltzainek uste dute kanpin denda Deba eta Zumaia artean ezarri aurretik duela bi aste inguru Zumaiatik igaro zela desagertutako pertsona, bere motxilan herriko planoa aurkitu dutelako. "Herrian zerbait galdetu zezakeen, edo agian baten batek kanpin denda muntatzen ikusi du... Edozein informazio da baliagarria pertsona hori aurkitzeko". Kasu horretan, Udaltzaingora deitzeko eskatu dute, 943-143 232 telefono zenbakira. 

Emakumezko frantziar bat da, 46 urtekoa, 1,75 metroko garaiera duena eta ilehoria. Astelehenean inguruko baserritar batek abisua eman ondoren gerturatu ziren udaltzainak Deba eta Zumaia artean ezarria zuen kanpin denda ingurura. Kanpin denda zabalik eta hankaz gora topatu zuten, eta barruan zuen motxila. Udaltzaingoak baieztatu du dokumentaziorik, mugikorrik eta dirurik gabe dagoela desagertutako pertsona, eta hedabide honi azaldu dio kezkatuta daudela pertsona horri gertatu ahal izan zaionarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide