Zumaiako Triatloi Taldeak guztia prest du datorren larunbatean, hilaren 4an, jokatuko den probarako. COVID-19a tarteko, bertan behera geratu zen iaz, eta joan den urteetan antolatutako probarekin alderatuta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte antolatzaileek parte hartzaileen eta ikusleen osasuna bermatzeko. Edonola ere, arrakastatsua izan da izen ematea, dortsal guztiak saldu baitituzte dagoeneko.
Herenegun, astelehena, itxi zuten izen ematea antolatzaileek. Zehaztu dutenez, guztira, 350 kirolarik –250 gizonezkok eta ia 100 emakumezkok– parte hartuko dute larunbateko proban. Gizonezkoak izango dira lehenbizikoak neurtzen: 15:30ean hasiko dute igeriketa saioa itsas kiroldegian, eta, gero, ohiko ibilbidea hasiko dute, bi gurpilen gainean: Aizarnazabalera joan, eta Iraetatik barrena Zumaiara itzuliko dira, berriz ere Urola plazara, eskualdeko errepideetan barrena 20 kilometroko ibilbidea osatuta. Amaitzeko, Gernika parkearen eta tren zubiaren artean bi itzuli egingo dituzte korrika, 5 kilometro egin arte. Emakumezkoek bost minutu beranduago hasiko dute ibilbide bereko proba, leku berean.
Esprint distantzian jokatuko da proba, eta aurtengoan federatuek bakarrik parte hartu ahal izango baitute.
Elkarlana ezinbesteko
Zumaiako Triatloi Taldeko kideak eskertuta agertu dira larunbatean proba behar bezala irten dadin beren aletxoa jarriko duten boluntario guztiekin. Izan ere, Zarauzko eta Getaitri triatloi taldeetako kideak Zumaian izango dira, laguntzen. Azken urteotan ohikoa bilakatu da hiru herri horietako proben antolakuntzetan elkarlana.
Zumaiarrak ez diren kirolariek edota triatloia ikustera datozenek Estazioko industrialdean izango dute autoak uzteko aukera. Nolanahi ere, antolatzaileek zehaztu dute zirkuituaren zati handi bat itxita egongo dela ikusleentzat. 2004an antolatu zuen lehen proba Zumaiako Triatloi Taldeak, eta hamalaugarren edizioa du aurtengoa. 1995. urtean jokatu zen lehen aldiz Zumaia-Zestoa-Azkoitia Triatloia distantzia olinpikoan. Azkoitiko Triatloi Taldeko kideek antolatu zuten proba, Gasento Oñederraren gidaritzapean.
Lau edizio egin ziren jarrian, baina bi herri desberdinetan boxeak jartzeak sortzen zituen logistika arazoak medio, 2000. urtean lehendabizikoz duatloi formatuan antolatu zuten proba. 2001ean erabaki zen Zumaian triatloi taldea sortzea.