Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea erromes baten bila hasi da bart, haren berririk izan gabe egunak igaro ondoren. Dirudienez, Deba eta Zumaia arteko gune menditsu batean zuen jarria kanpin denda.
Zumaiako Udaltzaingoaren arabera, astelehenean inguruko baserritar batek abisua eman ondoren gerturatu ziren udaltzainak. Kanpin denda zabalik eta hankaz gora topatu zuten, eta barruan zuen motxila. Udaltzaingoak baieztatu du dokumentaziorik, mugikorrik eta dirurik gabe dagoela desagertutako pertsona, eta hedabide honi azaldu dio kezkatuta daudela pertsona horri gertatu ahal izan zaionarekin.
Atzo, asteartea, jarri zen kontaktuan Ertzaintza haren familiarekin, eta gaur ekingo diete berriz ere miaketa lanei, txakurren laguntzarekin. Udaltzaingoak haren inguruko datuak ere eman ditu, bilatzen lagundu dezakeelakoan: emakumezko frantziar bat da, 46 urtekoa, 1,75 metroko garaiera duena eta ilehoria.