Espainiako eta Frantziako selekzioak ari dira neurtzen asteburu honetan Iscarren eta Valleladon (Gaztela eta Leon) jokatzen ari diren 23 urtez azpikoen Europako pilota txapelketan. Eskuzko, paletako, palako eta zesta puntako modalitateetan ari dira jokatzen txapelketa. Zesta puntan, emakumezkoen bikotekako txapelketan, Maite Ortiz de Mendibil podiumean goraino igo da.
Gasteiztarra jaiotzez, Ortiz de Mendibil Zumaiako Pilota Elkartearekin ari da jokatzen azken bi urte hauetan. Txapelketa honetan Eneritz Lizardi mutrikuarrarekin osatu du bikotea. Finalerdian Frantziako selekzioko ordezkariei irabazi ondoren, Espainiako selekzioko beste bikotea izan zuten aurkari atzo jokatutako finalean. Hiru setetan erabaki zen partida Ortiz de Mendibilen eta Lizardiren alde: 15-7, 12-15 eta 10-8.