Mailari eusteko mirari bat behar zuen Zarautzek, eta ez da halakorik gertatu gaur Aresen. "Bagenekien egoera zaila zela, baina azken unera arte talde lehiakorrak garela erakutsi dugu". Zarautz Arraun Elkarteko patroi Gaizka Garmendiak ETBri egindako adierazpenak izan dira estropada amaitu bezain pronto.
Halaxe erakutsi du gaurko lehian ere: play-offerako bidean aurkari zuzena izan duen Tiranekin orpoz opo ibili da ia txanda osoan, baina azken luzean, bi segundo atzetik helmugaratu da, laugarren postuan; sailkapen orokorrean azkenak izan dira. Hori horrela, hamabi puntuko aldea ateratzen diete galiziarrek, Moañako jardunaldiaren faltan, eta matematikoki jada, azken postuan bukatuko du Zarautzek denboraldia. Ondorioz, datorren urtean KAE 1 ligan lehiatuko da.
Galiziako asteburuko lehen bandera Santurtzik erdietsi du, Hondarribia mendean hartuta 0,76 ehuneko alde eskasarekin. Oriok bosgarren amaitu du gaur, Zierbenaren aurretik, eta horri esker, biak 148 punturekin berdinduta daude sailkapen orokorrean. Zierbenak garaipen gehiago dituenez, laugarren postuan jarraitzen du, eta Oriok bosgarrenean, helburu duen ohorezko txanda horretatik gertu.
Estropadari dagokionez, Cabo da Cruzek arraunketa ona erakutsi du gaurkoan, eta bigarren txanda irabazteko asmoz uretaratu da. Hala, lehia estua eduki du Oriok galiziarrekin hasiera-hasieratik: lehen bi luzeetan parez pare ibili badiera ere, hirugarren luzean abantaila txiki bat hartu du Cabok eta segundo erdi pasatxoko aldearekin irabazi du txanda.
Bihar, XXXIX. Bandeira Concello de Moaña izango dute jokoan, eguerdiko 12:13etik aurrera.
SAILKAPENA
| KLUBA | DENBORA | ALDEA | ||||
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO | 19:56,94 | ||||
| 2 | GO FIT HONDARRIBIA | 19:57,68 | 00:00.74 | |||
| 3 | DONOSTIARRA AMENABAR | 20:15,64 | 00:18.70 | |||
| 4 | CR CABO DA CRUZ | 20:18,64 | 00:21.70 | |||
| 5 | ORIO ORIALKI | 20:19,08 | 00:22.14 | |||
| 6 | ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA | 20:20,32 | 00:23.38 | |||
| 7 | BERMEO URDAIBAI AVIA | 20:27,64 | 00:30.70 | |||
| 8 | LEKITTARRA ELECNOR | 20:50,35 | 00:53.41 | |||
| 9 | ONDARROA CIKAUTXO | 20:51,18 | 00:54.24 | |||
| 10 | CLUB DE REMO DE ARES | 20:51,89 | 00:54.95 | |||
| 11 | SD TIRÁN PEREIRA | 21:09,69 | 01:12.75 | |||
| 12 | ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN | 21:11,71 | 01:14.77 |
ETE liga bukatu da
Gaur bukatu da ETE liga, Erandion jokatutako erlojupeko estropadarekin, eta Zumaiako traineruak proba txukuna jokatu du, baina bosgarren postuan sailkatu da. Gertu izan du helburu zuen laugarren postua, San Juan bi minutu eta erdira geratu baita. Azkenean, ETE liga bosgarren postuan bukatu du, 7,21 punturekin.
Zarauzko traineruak denboraldiko probarik txukunena jokatu du. Joan den astean zapore gaziarekin bukatu zuen jardunaldia, baina gaurkoan seigarren postuan sailkatu da. Emaitza dotorea denboraldi amaiera honetara, kontuan izanda bederatzigarren toki horretan gorabehera ibili dela astero-astero. Horrenbestez, ETE liga bederatzigarren postuan bukatu du, 3,50 punturekin.
ETE ligako txapeldun Tolosaldeak irabazi du Erandioko Bandera.