Kontxako Banderaren aurreko azken estropadak izango dira gaur Eusko Label ligan. Galiziarako bidea hartu du traineru ligak: Aresen gaur eta bihar Moañan jokatuko dira estropadak. XIV. Bandeira Concello de Ares jokatuko da gaur arratsaldean, 18:13etan hasita; bihar, berriz, XXXIX. Bandeira Concello de Moaña izango da jokoan, eguerdiko 12:13etatik aurrera.
Helburu oso desberdinekin joan dira eskualdeko bi ontziak Galiziara. Orio bigarren txandan ariko da gaurko estropadan, eta aurreko hitzorduetan erakutsitako maila ona berrestea izango du helburu. Laugarren izan zen pasa den larunbatean Ondarroan, eta bigarren egun bat geroago Hondarribian. Emaitza hauei esker, sailkapenean laugarren den Zierbena puntu bakarrera du San Nikolasek: 141 puntu ditu Zierbenak eta 140 Oriok. Banderak irabazteko lehian egotea eta azken estropadetarako ohorezko txandan sartzea izango luke helburu Orioko traineruak.
Zarautz, ordea, mirari baten bila doa Galiziara. Eusko Label ligaren play offeko estropaden aurreko azken bi jardunaldiak dira hauek, eta Zarauzko Enbata sailkapeneko azken postuan da 38 punturekin. Postu honetan amaituta, maila galduko luke Zarautzek. Aurretik duen Tiran 11 puntura du, eta ia ezinezkoa dirudi geratzen diren bi estropadatan alde hori jatea. Saiatu, behintzat, saiatuko dira zarauztarrak.
ETE ligako azken bandera jokoan
Asteburu honetan amaituko da emakumeen ETE liga, Erandion jokatuko den estropadarekin. XXXIV. Erandioko Bandera izango da gaur jokoan, 17:45etik aurrera. Erlojuaren aurka arituko dira traineruak, bi luzera ziaboga batekin.
Kontxako sailkatze estropada jokatzeko faltan, denboraldiko azken saioak izango dira Zumaiako eta Zarauzko traineruentzat. Zumaia bosgarren da sailkapen orokorrean, 7,23 punturekin, eta bederatzigarren Zarautz, 3,31 punturekin.
KAE 2ko estropada, Kantabrian
Pasa den asteburuan bukatu zen KAE 1 liga; KAE-2 liga, aldiz, gaur bukatuko da, Colindresen jokatuko den XXVII. Ria del Ason estropadarekin. Erlojuaren aurka jokatuko da estropada hau, eta bertan izango da Zarauzko B trainerua.