Irribarria-Eskuza eta Unai Alberdi-Arbizu bikoteak IXIL Dinastia Etxabeko txapeldunak

Juan Luis Romatet 2021eko abuztuaren 27a

Abuztuan zehar jokatu den Dinastia Etxabe pilota txapelketaren finalak jokatu ziren atzo Zumaian, Aitzuri frontoian. Bertaratu zirenek ezin izan zuten pilota ikuskizun handi batekin gozatu.

IXIL Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalak jokatu ziren atzo Zumaiako Aitzuri frontoian. Gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailetako partidak jokatu ziren pilotaleku honetan. Esku pilota ikuskizun batez gozatzeko asmoarekin gerturatu ziren pilotazaleak bere gogoa asetu ezinik atera ziren, historia gutxi izan zen eta bi partidatan. 

Gazte-jubenil mailako norgehiagoka izan zen jokatzen lehena. Iker Amiano irundarrak eta Ekaitz Alcantara zumaiarrak osatutako bikoteak, Aramako Ekhi Irribarria eta Laudioko Arkaitz Eskuza izan zituzten aurkari. Bazegoen ilusioa herriko jokalari bat finalean jokatzen ikusteko, baina Amianok eta Alcantarak ez zuten atzo gau onena izan. Irribarria eta Eskuza erraz nagusitu ziren, eta 22-5 emaitzarekin irabazi zuten partida eta kategoria horretako txapelketa.

Emaitza berarekin bukatu zen 23 urtez azpikoen arteko lehia. Oskoz nafarrak eta Morgaetxebarria zornotzarrak ezin izan zuten aurreko partidetako maila on bera erakutsi finalean, eta 22-5 emaitzarekin galdu zuten Unai Alberdi azpeitiarra eta Etxarriko Aron Arbizuren aurka. 

Behin partidak amaituta, omenaldia eskaini zien Zumaiako Pilota Elkarteak hainbat urtez laguntzaile lanetan aritutako zazpi pertsonari: : Jose Domingo Arriola; Jose Luis Eizagirre; Juan Larrañaga, bere faltan emazte Gurutze Mugikak jaso zuelarik saria eta pilotazaleen esker ona; Felipe Lopez, Jon Ignazio Orbegozo, Jose Mari Sacristan eta Jose Ignazio Zubimendi. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide