Getaria nagusi izan da etxean

Juan Luis Romatet 2021eko abuztuaren 8a

Garaipen handia lortu du Getariako Esperantzak etxean jokatutako Getariako XII. Estropadan. Gaurko jardunaldiaren ondoren, lidergoa sendotu du KAE-1 mailan.

KAE 1 mailako Getariako XII. Estropada jokatu da gaur. Liga honetan dabiltzan 11 ontziek hartu dute parte, eta bandera etxeko traineruak irabazi du. 

Ligako sailkapenean liderra den Getaria ohorezko txandan aritu da, atzo Astilleroko estropada irabazi zuen Kaiku, Pedreña eta Arkoterekin batera. Ikuskizun ederra eskaini dute gipuzkoarrek eta kantabriarrek. Lehen ziabogan Getaria zen aurretik, hiru segundoko aldearekin, baina bueltakoan hobeto moldatu da Pedreña, eta segundo bateko aldearekin eman du buelta. Hirugarren luzean jarraitu du bi ontzien arteko borrokak, eta berdinduta heldu dira hirugarren ziabogara. Azken itzulian, azken txanpan, erabaki da zer klubek astinduko zuen bandera. Etxeko ontzia izan da azkarrena, 20:58,56 denborarekin; Pedreña bigarren izan da segundo eskasera.

Eskualdeko beste bi ontzik ere parte hartu dute estropada honetan: Orio eta Zumaia. Biak ere bigarren txandan aritu dira, San Juan eta Deustorekin batera. Deusto izan da azkarrena, San Juanen aurretik. Orio zazpigarren izan da sailkapenean, eta Zumaia bederatzigarren; aurreko txandan aritu den Castrok denbora hobea egin du. 

Zumaiak atzo eta gaur jokatu ditu konfinamenduaren ondorengo lehen bi estropadak, eta oraindik erritmoa hartzea falta zaiola erakutsi du atzo Astilleron eta gaur Getarian.

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak.

Sailkapen orokorrean Getaria da liderra, 11,27 punturekin; Zumaia zortzigarren da, 6,22 punturekin, eta Orio bederatzigarren 5,18 punturekin.

Datorren larunbatean, hilaren 14an, Castro Urdialesen (Kantabria) izango dute estropada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide