Udako baratze ederrenak aukeratzeko lehiaketa martxan du Ekoguneak

Andoni Elduaien 2021eko abuztuaren 3a

Baratze Parke Sareko erabiltzaileek parte har dezakete, argazkiak bidaliz edota botoa emanez. Argazkiek uztailaren 1etik irailaren 26ra bitartean egindakoak izan beharko dute.

Udako baratze ederrenak aukeratzeko, Ekoguneak martxan du II. Udako Baratze Ederrenak lehiaketa.
Eskualdean, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako baratze parkeak dira Baratze Parke Sareko kide. Beraz, horietan baratzea duten herritarrek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, nola lehiakide bezala, hala botoa emanez.

Parte hartzeko

Lehiakide moduan parte hartu ahal izateko, baratzeen erabiltzaileek hiru argazki bidaltzeko aukera izango dute. Argazkiak baratzeparkea@ekogunea.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, baina argazkiek aurtengo uztailaren 1etik irailaren 26ra bitartean egindakoak izan beharko dute.

Era berean, parte hartzaile bakoitzak argazkiekin batera bidali beharko ditu bere izen-abizenak, telefono zenbakia, baratzea duen parkearen izena, lursailaren zenbakia, eta lursailari buruzko idatzi labur bat.

Sariak eta zozketa

Datorren urriaren 13an jakinaraziko ditu Ekoguneak bere webgunean II. Udako Baratze Ederrenak lehiaketaren irabazleen izenak.

Irabazleak 80 euroko balioa duen saskia jasoko du, bigarren sarituak 60 euroko saskia, eta hirugarrenak 40 euroko saskia. Gainera, 30 euroko balioa duten beste bi saski zozkatuko dituzte botoa ematen dutenen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide