Bizitza zuri-beltzezko iruditan

Maria Maya Manterola 2021eko abuztuaren 3a

Igandera arte ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan Zumaiako 33. Argazki Lehiaketara aurkeztu dituzten lan onenen bilduma. 36 argazki hautatu dituzte erakusketarako.

Joxe Joan Azkueren oroimenez antolatzen den Zumaiako 33. Argazki Lehiaketako lan onenak hautatu, eta erakusketa batean bildu ditu Distira Zumaiako Argazki Elkarteak. Alondegiko Oxford aretoan jarri dute bilduma hori, eta egunero bisitatu ahal izango da, 18:30etik 20:30era, hilaren 8ra bitartean.

Zuri-beltzezko lanak aurkeztu behar izan dituzte, eta gaia librea izan dute aurtengoan. Argazkilarien kopuruan bakarrik ez, aurkeztutako lan kopuruan ere parte hartze handia izan du aurtengo lehiaketak: 582 argazki aurkeztu dituzte. Ez hori bakarrik: mundu osoko argazkilariek parte hartu dute lehiaketan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Alemaniatik, Italiatik, Vietnametik, Moldovatik, Hungariatik, Txiletik edota Hong Kongetik jaso dituzte lanak.

Jorge Murgiondo Distirako kideak azaldu du lehiaketaren balorazio positiboa egin dutela: "Joan zen urtean ikusi genuen geroz eta argazki gutxiago aurkezten zirela lehiaketara, eta aldaketa txiki batzuk egin ditugu. Gustura gaude, hirukoiztu egin dugulako joan den urteko parte hartzaile kopurua". Maila oneko lanak jaso dituztela gaineratu du Murgiondok.

Lehen gai baten inguruko argazkiak eskatzen zituzten, eta gaia libre uztea izan da parte hartzea igotzeko hartutako neurrietako bat. "Konplikatua izaten zen gai baten inguruko argazkiak ateratzea edo argazkiak prest edukitzea, eta gaia librea utzita, konturatu gara askotariko argazkiak jaso ditugula", dio Murgiondok.

Hiru argazkilari ezagun hautatu dituzte epaimahaia osatzeko. Bi emakumeak izan dira: "Ez da erraza izaten. Normalean saiatzen gara emakume argazkilari bat lotzen, baina bi izatea lortu dugu aurten. Madrildarra da bata, Emilia Valencia; Bilboko Argazkilarien Elkarteko Idoia Eletxigerra da bestea. Hirugarrena Gorka Elarre da, argazki muntaietan ezaguna eta nazio mailako sariduna". Joan zen urteko itxialdian jaso zituzten lanak, eta lehen bozketa egin ondoren, hautatu zituzten erakusketako bilduma osatzen duten argazkiak. Hiru orduko bilkuraren ondoren hautatu zituzten argazki horiek.

Lopez, zumaiar onena

Uztailaren 23an zabaldu zuten Alondegiko Oxford aretoan Zumaiako 33. Argazki Lehiaketako erakusketa, eta irekierarekin batera egin zuten sari banaketa ekitaldia.

Jose Mari Razkin argazkilari donostiarrak irabazi zuen lehiaketa Argi jokoak lanarekin, eta bigarren izan zen Manu Barreiro beasaindarra, Faded argazkiarekin; hirugarren saria Marcel Van Balken herbeheretarrak jaso zuen, Gateway izenburua duen argazkiagatik. Zumaiar onenaren saria, berriz, Soraya Lopezentzako izan zen, eta Viaje a la luna argazkiagatik lortu du saria. Argizaiola lehiaketarako sailkapena lortu duten argazkilariak Jose Mari Razkin, Manu Barreiro eta Jesus Larrea dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide