Ametsak batzuetan betetzen dira. Iñigo Peña da horren adibide garbia. Olinpiar Jokoetan aritzea zuen amets piraguista zumaiarrak, baita lortu ere. 2016an Rion (Brasil) antolatutako Jokoetan izan zen; parte hartu bakarrik ez, finalera ere iritsi zen K-4 1.000 metroko kategorian. Diploma olinpikoarekin itzuli zen etxera, finalean bosgarren egin ondoren. Pozik egoteko emaitza lortu zuen zumaiarrak, baina ez zuen nahikoa lorpen harekin.
Batzuk gustura geratzen dira ametsa beteta; beste batzuek, Peñak kasu, gehiago nahi dute. Hala, Rioko Jokoak amaitu ondoren, 2020an Tokion (Japonia) jokatzekoak ziren Olinpiar Jokoetan jarri zuen jomuga. Pandemiaren eraginez, espero baino urtebete geroago heldu da hitzordua, baina iritsi da. Lauko ontzitik bikora pasatuta, abentura berri horretan Francisco Cubelos izango du lagun. Japoniarako bidean jokatutako txapelketetan emaitza bikainak lortu ditu bikoak: 2018ko Munduko Txapelketan nahiz 2019ko Munduko Kopan lortutako zilarrezko dominak maila on horren erakusgarri dira. Domina horiek garrantzitsuak izanda ere, Olinpiar Jokoetan podiumera igotzea dute helburu Peñak eta Cubelosek.
Asmo hori lortzeko lehian izango da bikotea datozen egunotan. Bihar goizaldean, hemengo 04:22etik aurrera jokatuko dira piraguako K2 1.000 metroko probako kanporaketa estropadak, eta ostegun goizaldean, 03:26an finalaurrekoak, 05:47an B finala, eta 05:55ean final handia. Dena ondo bidean, Peña eta Cubelos han izango dira, dominen lehian.
Jarraipen zabala
Hitzordu handia da Jokoetakoa Peñarentzat, haren senitartekoentzat eta lagunentzat, nahiz herriko (eta herrikoak ez diren) kirolzaleentzat. Baleikek eta Urola Kostako HITZAk jarraipen berezia egingo diote. Baleike.eus webgunean, gainera, atal berezia sortu dute. Estropaden kronikak, Peñaren familiari eta lagunei egindako elkarrizketak, alde teknikoa lantzen duten artikuluak nahiz bideoak ari da argitaratzen atari hori aste honetan.