Asteburu honetan banderarik ez Oriora

Onintza Lete Arrieta 2021eko abuztuaren 1a

Euskotren ligan Arraun Lagunak taldea nagusitu da, bai atzo Bilboko erlojupekoan, bai gaur eguerdian Santurtziko estropadan. Oriotarrek bi norgehiagoka bakarrik falta dituzte liga hori amaitzeko; Zarauzko banderak, hain zuzen. Eusko Label ligan, berriz, Oriok eta Zarautzek ezin izan dute beren onena erakutsi, eta sailkapenean laugarren eta azken postuetan jarraitzen dute.

Aurrera doa traineru denboraldia eskualdeko taldeentzat. Euskotren ligan jada bi jardunaldi baino ez dira falta liga amaitzeko, eta azken estropadara arte irabazle argirik egon ez arren, Arraun Lagunak oso sendo mantendu da asteburu honetan, bi estropadetako banderak etxeratuta.

Atzo Bilbon erlojupekoan erraz gailendu zen, eta baita gaur Santurtziko estropadan ere. Sailkapen nagusian bi puntuko aldea besterik ez dago oriotarren eta donostiarren artean, baina puntuak bezala, animoak ere irabazita atera dira asteburutik Arraun Lagunak taldekoak. Gaurko lehian, gainera, Donostiarra ere oso gertu izan du Oriok estropadaren amaiera aldera.

Zarauztarrak atzo erlojuaren aurka Bilbon. Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Datorren asteburuan ez da estropadarik jokatuko Euskotren ligan, eta guztia Zarauzko bi jardunaldietan erabakiko da, abuztuaren 14-15eko asteburuan.

Bestelakoa da gizonezkoen egoera, Eusko Label ligan bederen. Hamar jardunaldi gelditzen dira liga amaitzeko, eta beraz, puntu asko daude banatzeko oraindik. Asteburuan bi taldek eman dute erakustaldia: Hondarribiak atzo Bilbon erlojupekoan, eta Santurtzik gaur, etxean. Orio laugarren helmugaratu da, bai atzo, bai gaur, eta postu horretan jarraitzen du sailkapen nagusian ere.

Zarautz, berriz, finago ibili zen atzo erlojupekoan gaur errioan baino; bai, behintzat, emaitzari dagokionez. Izan ere, Ondarroaren aurretik gelditu zen atzo hamargarren postua lortuz; gaur, berriz, azken postuarekin konformatu behar izan du.

Ikusteko dago datozen asteetan indarrek gora ala behera egiten duten traineruetan, baina oraingoz, Santurtzi eta Hondarribia besteak baino koska bat gorago daudela dirudi.

ETE ligan estropada bakarra

KAE1 mailan ez da estropadarik jokatu, eta ETE ligan jardunaldi bakarra izan dute traineruek, gaur eguerdian erlojuaren aurka jokatu dutena Errenterian. Eskualdekoek ez dute emaitza harrigarririk lortu; laugarren izan da astebetez jokatu gabe egon den Zumaia –COVID-19agatik konfinatuta egon da taldea–, eta zazpigarren, berriz, Zarautz.

Hibaikak hartu dio aurre gaurkoan Tolosaldeari, baina bigarren horrek jarraitzen du sailkapen orokorreko lidertzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide