Dinastia Etxabe pilota txapelketa bueltan da iazko hutsartearen ondoren

Juan Luis Romatet 2021eko uztailaren 22a

Gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailako 40 pilotari izango dira lehian bihartik aurrera Aitzuri pilotalekuan. Bihar gauean final zortzirenetako bi norgehiagoka jokatuko dituzte

Osasun egoerak eragindako iazko hutsartearen ondoren, aurten bueltan izango da Dinastia Etxabe pilota txapelketa beteranoa. Historia luzeko txapelketak 49. edizioa beteko du aurtengoarekin, eta lehen partidak bihar bertan jokatuko dituzte, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Dinastiako jardunaldi guztiak 21:00etan hasiko dira.

Aitzuriko harmailetan publikoa egotea, hori izan da Zumaiako Pilota Elkartearen baldintza bakarra txapelketaren edizio berria antolatzeko. "Zaletuek frontoira joateko aukerarik izango ez balute, ez genuke txapelketa antolatuko", azaldu du pilota elkarteak. Labiren batzorde teknikoak ekainaren amaieran baimendu zuen ikusleak berriro kiroldegi, frontoi eta estadioetara itzultzea. Antolatzaileek ordurako hasita zituzten txapelketa antolatzeko lanak.

Historia luzea eta sona handia duDinastia Etxabe txapelketak Euskal Herriko pilota munduan. Ehunka dira Dinastiaren ia bost hamarkadetan Odietako, Aitzuriko eta, garai batean, Zumaiak frontoirik ez zuenean, Zestoako pilotalekuan aritutako pilotariak. Horien artean dira gaur egungo pilotari entzutetsu asko: Jokin Altuna, Iker Irribarria edota Beñat Rezusta pilotariak Dinastia Etxabeko txapelaren bila atera izan dira.

Dinastiaren aurreko edizioen antzera, 40 pilotari lehiatuko dira: hamasei gazte-jubenil mailakoa eta beste 24 pilotari 23 urtez azpikoak. Jatorriari dagokionez, gipuzkoarrak dira nagusi: Dinastian lehiatuko diren 40 pilotarietatik 22 lurralde horretakoak dira; Nafarroako hamahiru pilotari izango dira Zumaian, Bizkaiko lau eta bakarra Errioxakoa. Gazte-jubenil mailako pilotarien batez besteko adina 17,38 urtekoa izango da, eta 23 urtez azpikoena 20,75 urtekoa.

Gazte-jubenil mailako pilotariak abuztuaren 2an hasiko dira lehian, final laurdenetan; 23 urtez azpikoen kategorian, berriz, lau bikote dagoeneko sailkatuta daude final laurdenak jokatzeko; beste lau bikoteak bihar eta datorren ostiralean, hilaren 30ean, jokatuko diren final zortzirenetako kanporaketetan erabakiko dira. Guztira, bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte, eta txapelketako final handia abuztuaren 26an jokatuko dute.

Kanporaketak, bihar

23 urtez azpikoen final zortzirenetako lehen jardunaldia jokatuko dute bihar, 21:00etatik aurrera, Aitzurin. Lehen partidan Olaetxea eta Laskoz Senarren eta Ekain Lizeagaren aurka neurtuko dira. Bigarren norgehiagokan, Elolak eta Apezetxeak Julen Alberdi eta Balerdi izango dituzte aurkari. Partida bakoitzeko irabazleek final laurdenetarako txartelak lortuko dituzte.

Partidetarako sarrerak Aitzuriko leihatilan izango dira salgai. Final zortzirenetako eta final laurdenetako sarrerek 7 euro balioko dute; finalerdien eta finalaren kasuan, 10 euro. Txapelketa guztirako bonoa erosteko aukera ere izango da, 35 euroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide