Tolosaldeak irabazi du Zumaiako 4. Ikurrina

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 17a

Zumaia eta Zarautz seigarren eta zazpigarren sailkatu dira arratsaldeko estropadan, hurrenez hurren.

Arraun jardunaldiak arratsaldean izan du jarraipena Zumaian. ETE ligako traineruak izan dira lehian; tartean, baita Zumaiako Telmo Deun eta Zarautz ere. Ohi bezala, hirugarren txandan erabaki da banderaren irabazlea. Estu hasi da txandako lehia, izan ere, lautik hiru traineruk, tartean Delteco Zumaiak, denbora bera egin dute lehen ziabogan: 05:18. Denbora hobea egin du Tolosaldeak, ordea, eta bigarren luzean ere aise menderatu du txanda. 10:51,41 denboran amaitu ditu lanak Tolosaldeak, eta hamaika puntuak poltsikoratuta, ETE ligako sailkapenean lider da gaur-gaurkoz.

Zumaiarrak seigarren sailkatu dira gaurko estropadan. 11:06,69an amaitu dituzte lanak, beren txandan laugarren. Zarautz-Gesalaga-Okelanen ontzia lehen txandan ureratu da, eta lehena izan da hiru ontzien artean lanak amaitzen, 11:20,50 denboran. Sailkapen orokorrean zazpigarren postua lortu du, eta aurkari zuzena den Lutxanak baino azkarrago burutu ditu bi luzeak Zarautzek. Ligako sailkapenean bederatzigarren dira zarauztarrak, baina gaur lortutako puntuei esker zortzigarren postuan den Lutxanagandik oso gertu kokatu dira. 

Atsedena izango dute ETE ligako arraunlariek datorren asteburuan. Bien bitartean, abuztuaren 1ean jokoan izango duten Emakumeen Traineru Elkartea III. Banderarako prestatzen jarraitu beharko dute. 

Sailkapena:

Tolosaldea 10:51,41
Hibaika 10:57,37
Deusto 10:58,05
San Juan 11:00,73
Ondarroa 11:04,59
Zumaia 11:06,69
Zarautz 11:20,50
Lutxana  11:30,20
Lapurdi  11:41,89
Castro 11:44,80

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide