Erakustaldi galanta emanda irabazi du Getariak denboraldiko bere hirugarren bandera. Zumaian jokatu dute KAE 1 ligako gaurko estropada, eta getariarrak sailkapeneko liderrak izanda, faboritotzat jotzen ziren, edo, behintzat, gainditu beharreko aurkari zuzentzat. San Pedroko Libia ontziak hori izan du helburu ohorezko txandako proba osoan zehar, eta une oro buru izan da getariarrengandik hiruzpalau segundo aurretik jarrita. Abantailarekin iritsi dira azken luzera ere, eta guztia aldeko zutela zirudienean, Getariako Esperantza-k bere izenari ohore eginez, helmugaratzeko bukatzeko metro gutxi falta zirenean, San Pedro gainditzera egin du abiada bizian eta proaren muturra sartuta bandera bereganatu du.
Bigarren txandan atera dira liga horretan lehian dabiltzan beste bi ontziak: Orio Orialki eta Delteco Zumaia. 20:51,29ko denboran amaitu dute txanda zumaiarrek, eta 20:59,32ean oriotarrek. Hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren geratu dira beren txandan. Sailkapen orokorrean, berriz, hamargarren egin du gaur Oriok, eta zazpigarren Zumaiak.
Ligako sailkapen nagusiari erreparatuta, lider da Getaria gaur-gaurkoz, eta zortzigarren eta bederatzigarren doaz Zumaia eta Orioren B taldea, hurrenez hurren.
Atseden hartzeko asti askorik gabe, bihar izango dute hurrengo estropada KAE 1 ligako ontziek Orion, 11:30etik aurrera. Gaur arratsaldean, berriz, ETE ligako arraunlarien txanda izango da Zumaian bertan. Zarauzko eta Zumaiako traineruak aterako dira estropada horietan.
SAILKAPENA
- Getaria 20:07,28
- San Pedro 20:07,64
- Pedreña 20:29,30
- Arkote 20:36,91
- San Juan 20:38,35
- Kaiku 20:42,45
- Delteco Zumaia 20:51,29
- Camargo 20:54,50
- Castro 20:55,92
- Orio Orialki 20:59,32
- Astillero 21:39,76