Estropada ona eginda, hirugarren sailkatu dira gaur Zumaiako neskak

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 11

Sailkapen orokorrean postu bat hobetu eta laugarren dira orain zumaiarrak. Zarautz hamargarrena izan da Lekeition, eta bederatzigarren jarraitzen du sailkapen orokorrean. Gaur ere Tolosaldeak irabazi du ETE ligako estropada.

Atzoko emaitza nabarmen hobetu, eta gaur hirugarren sailkatu dira zumaiarrak Lekeition jokatutako estropadan. ETE ligako zazpigarren jardunaldia zen gaurkoa, eta lan gogorra eta emaitza txukuna erdietsi du Delteco Zumaiak. Bigarren txandan aritu da Lutxana, Isuntza eta Ondarroarekin, eta 11:20,09 denbora eginda, erraz gailendu zaie aurkariei, bigarrenari 12 segundoko aldea aterata. Hirugarren postua eskuratuta, berriro gora egin du Zumaiak sailkapen orokorrean, eta laugarren dira orain. 

Zarautz Arraun Elkartea, aldiz, hamargarrena izan da gaurko estropadan. Lehenengo txandan egin du arraunean Lapurdi eta Castro Canteras de Santullan taldeekin, eta 12:18,21 denborarekin, bigarren iritsi da helmugara, Lapurdi baino 6 segundo beranduago. Bederatzigarren postuan mantendu da, beraz, sailkapen orokorrean.

Estropada Tolosaldeak irabazi du beste behin 11:08,45 denbora eginda, eta bigarren Deusto izan da, 11:12,33 denbora eginda.

Zumaian jokatuko dute ETE ligako zortzigarren jardunaldia, datorren larunbatean, hilak 17. Zumaiako IV. Ikurrina izango da jokoan, 18:00etan hasita.

Estropadako sailkapena

  1. Tolosaldea. A.K. 11:08,45 (11 puntu)
  2. Deusto-Tecuni-Bilbao. 11:12,33 (10 puntu)
  3. Delteco Zumaia. 11:20,09 (9 puntu)
  4. Hibaika Jamones Ancin. 11:21,53 (8 puntu)
  5. Isuntza Elecnor. 11:32,04 (7 puntu)
  6. San Juan Igartza. 11:32,77 (6 puntu)
  7. Ondarroa-Cikautxo. 11:39,87 (5 puntu)
  8. Lutxana A.E. 11:40,93 (4 puntu)
  9. Lapurdi A.E. 12:12,57 (3 puntu)
  10. Zarautz-Gesalaga-Okelan. 12:18,21 (2 puntu)
  11. Castro Canteras de Santullan. 12:36,73 (1 puntu)

Sailkapen orokorra

  1. Tolosaldea A.K. 75 puntu
  2. Deusto-Tecuni-Bilbao. 70 puntu
  3. Hibaika Jamones Ancin. 62 puntu
  4. Delteco Zumaia. 53 puntu
  5. San Juan-Igartza. 50 puntu
  6. Ondarroa-Cikautxo. 44 puntu
  7. Isuntza-Elecnor. 38 puntu
  8. Lutxana A.E. 26 puntu
  9. Zarautz-Gesalaga-Okelan. 21 puntu
  10. Lapurdi. 15 puntu
  11. Castro Canteras de Santullan. 8 puntu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide