Bihar goizean jokatuko dute Urolaren 45. Igoera-Jaitsiera Zumaian

Juan Luis Romatet 2021eko uztailaren 10a

Urolaren 45. Igoera-Jaitsiera piraguismo proba jokatuko da bihar goizean Zumaian. Itxas-Gain kirol elkarteak antolatutako hitzordu honetan ehundik gora piraguistek parte hartuko dutela aurreikusten da.

Mareak direla eta, aurten egin beharreko zirkuitua desberdina izango da. Ohikoa den bezala, piraguistak Santiago hondartzatik abiatuko dira, 10:30ean; lehorretik aterako dira, eta itsasertzean utzitako ontzietara igo ondoren, eskailerari buelta emanda, ibaian gora egingo dute. Aurten ez dira Beduaraino helduko; Trenzubian ziaboga eman, eta ibaian behera egingo dute Talaipe pareraino. Han bigarren ziaboga emango dute, eta errioan gora Arranpla parean kokatuko den helmugara helduko dira. 

Aurreko urteotan gertatu bezala, kanpotik kirolari ugari inguratuko da Zumaiara kirol proba honetan parte hartzera. Hala, 120 edo 130 piraguista inguruk parte hartuko dutela espero dute Itxas-Gaineko kideek. 

Portua itxita

Urolaren igoera jaitsierak irauten duen denboran itsasadarra ontzi eta motorrentzako itxita egongo da. Proba abiatzen denetik amaitzen denera arte, 10:30etik 11:30era, itxita egongo da Zumaiako portua, eta ezingo da kirol portutik sartu-irtenik egin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide