Itxas Gain elkarteko bost kirolarik hartu zenuten parte master mailan, igandean Lanzaroten (Kanariar Uharteak) jokatu zen Munduko Surfski Txapelketan. Nolako esperientzia izan da?
Ikaragarria. Kantauri itsasoan olatu txikiagoak izaten dira, olatuen artean distantzia gutxirekin, eta itsaso nahasia izaten da. Lanzaroten, berriz, sekulako haizearekin ibili gara, beti alde genuela, abiadura handian. Ibilbidea luzea eta gogorra zen, 27 kilometro zirelako, azken urteetako luzeena, eta aurreneko bost kilometroak gogorrak izan ziren, olatua trabeska etortzen zelako. Behin kilometro horiek pasata, ordea, gozatu egin genuen. Arrietatik irten eta irlari buelta emanez, iparraldetik hegoaldera egin genuen, Arreciferaino.
Zure kategorian irabazi egin zenuen, gainera.
Hala da, Master B kategorian nik irabazi dut, baina horrek baino gehiago bete nau seniorretan 50 onenen artean sailkatu izanak eta azken unera arte neure burua borrokan ikustea piraguista onenekin. Azken kilometroetan gozatu ederra hartu nuen. Ez nuen uste posible izango nuenik, eta ezustekoa hartu nuen nire kategorian irabazi egin nuela esan zidatenean. Baina batez ere bizitako esperientziarekin eta eman dudan mailarekin nago gustura.
Taldekideak ere fin ibili ziren, ezta?
Bai, Maite Etxabek laugarren egin zuen, baina brontzea segundo batera izan zuen. Uretan pasatu egin zuen, eta piraguatik jaistean, korrika saioa egiterakoan, suediak piraguista batek gibela utzi eta eta helmugara helzean lurrera bota zen. Horrek brontzezko domina eman zion suediarrari, segundo bakarraren aldearekin.
Itsasoan piraguismoa egitea da surfski-a. Zer ezaugarri ditu?
Piragua bereziak dira, luzeagoak, olatua surfeatzeko. Sei metro eta 40 zentimetro ingurukoak izaten dira, nirea pixka bat motzagoa den arren –gaizki moldatuko nintzela ere esan zidaten–. Gainera, ura automatikoki hustutzen dute. Itsasoa irakurri behar da, surfean bezala, olatuak hartu, eta haizea beti bizkarrez izaten da, ohiko modalitatean ez bezala. Abiadura handiak harrapatzen dira; igandean, esaterako, orduko 24 kilometro ere hartu nituen. Sekulakoa da hori. Surfean bezala, eguraldiaren arabera aukeratzen da lehiaketaren eguna. Irteera, berez, ur ertzean lerrokatuta izaten da, hondartzan, eta epaileek esandakoan piraguan sartu eta ateratzen da. Baina aurten ezin izan da horrela egin olatu handiegiak zeudelako. Guretzat alde ederra, ez garelako trebeak horrela irteten.
Iaz bertan behera gelditu zen txapelketa pandemiagatik, baina aurten lortu da egitea.
Bai, traba handiak egon dira, baina lortu dute antolatzea. Turismotik bizi da Lanzarote, eta neurri zorrotzak hartu dituzte: irlara etortzeko PCR negatiboa erakutsi behar zen, eta hemen berriz egin digu proba antolakuntzak txapelketa gunean sartu ahal izateko. Azken unean herrialde batzuetako kirolariek ezin izan dute etorri pandemiagatik: australiarrek, hegoafrikarrek... Kirol honetan onenak dira herrialde horietakoak.
Zuretzat oso berezia zen Lanzarote, iaz bertarako prestatzen ari zinela min hartu zenuen besoan. Urte gogorra izan da.
Bai, gainera familiarekin etorri ginen Lanzarotera [han gelditu dira oporretan], urte osoan beraiek ere sakrifikatzen direlako guk entrenamenduak ditugulako, eta niretzat inportantea izan da beraiek ikustea ni lehiatzen eta halako emaitza lortzen, iazko urtearen ondoren. Besoa Lanzaroteko Munduko Kopa prestatzen txikitu nuen iazko otsailean, eta gero operatu berritan COVID-19a harrapatu eta ingresatuta oso gaizki egon nintzen. Urte oso txarra pasa dut, eta berezia da niretzat orain hemen egotea. Bigarren aukera izan da.