Aurten lehia asko egongo dela erakutsi dute traineruek Euskotren eta Eusko Labelen aurreneko jardunaldian

Mireia Galarza Bastida-Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 3a

Ez dira fin aritu aurreneko estropadan ez oriotarrak, ez zarauztarrak. Euskotrenen hirugarren sailkatu da Orio, eta Eusko Labelen zazpigarren eta hamargarren Orio eta Zarautz. KAE1en eta ETEn, berriz, emaitza txukunak lortu dituzte gaur eskualdekoek, Getariak bigarren egin baitu, eta Zumaiako neskek, hirugarren.

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, IV. Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldiarekin, eta aurreko bi urteetan ez bezala, hirugarren sailkatu dira Orioko neskak estreinako lehian. Mutilen kasuan, zazpigarren sailkatu dira oriotarrak, eta hamargarren Zarautz. Bihar jokatuko dute leku berean bigarren estropada, eta lortutako denboren arabera erabakiko da nork eskuratuko duen bandera.

Emakumezkoen lehiari dagokionez, oso estropada lehiakorra izan da, eta oriotarrak ondo hasi badira ere, pixkanaka-pixkanaka segundoak galdu dituzte. Ziabogara iritsi aurretik lehia oso estua izan du Arraun Lagunarekin, baina poparean ezin izan dio aurre hartu, eta 11:31,36koarekin sailkatu da. Lehenengo postua lortu du Arraun Lagunak, 11:25;88ko denbora eginda, eta bigarren sailkatu da Donostiarra, ia bi segundoko tartearekin (11:27,86). Estropada osoan atzetik joanda, 31 segundoko aldearekin sailkatu da Hondarribia.

Orioko neskek adierazi dutenez, "haize gogorra" izan da hasieran etsai beraientzat, eta gero "errekuperatzea" lortu badute ere, ez dituzte "gustuko" emaitzak lortu. Hala ere, biharko estropadan "hobetzea" espero dutela diote.

Eusko Label ligari dagokionez, bigarren eta hirugarren txandan atera dira, hurrenez hurren, Orio eta Zarautz. Ares, Lekeitio eta Santurtzirekin lehiatu dira Orialkiko mutilak euren txandan, eta hasieran azken horrekin tinko lehiatu badira ere, ihes egin dio gero Gorka Aranberriren taldeak, eta Aresekin neurtu behar izan dituzte oriotarrek indarrak amaieran. Beren txandan bigarren sailkatzea lortu badute ere, sailkapen orokorrari dagokionez zazpigarren postuan amaitu dute, 20:55;80ko denborarekin.

Zarauztarrek oso ondo hasi dute lehia, lehenengo postuan joan baitira euren txandan lehen lau minutuetan. Hala ere, gero nekearen pisua nabaritu dute, eta pixkanaka-pixkanaka atzean gelditu dira. 21:11;82ko denbora lortuta, hamargarren sailkatu dira Enbatako mutilak, Tiran eta Lekittarraren aurretik. 

Mutilen kasuan, Hondarribia sailkatu da lehenen 20:16;56ko denborarekin, Santurtzi bigarren, 20:30;72ko denbora lortuta, eta Zierbena hirugarren, 20:40;62ko denboran helmugaratu ondoren.

ETE ligan, emaitza gazi-gozoak

Zumaia eta Zarautz dira eskualdeko ordezkariak ETE ligan, eta Zumaiak hirugarren egin duen bitartean, Zarautz hamargarren izan da, azken bigarren. Tolosaldea nagusitu da gaur ere estropadan, Donibane Lohizunen (Lapurdi), 10:55,40 denbora eginda. Bigarren Hibaika izan da (11:04,21), eta hirugarren, esan bezala,  zumaiarrak helmugaratu dira, lan bikaina eginda. Aise eskuratu dute postu hori, 11:08,03 denborarekin, laugarren sailkatu den Deustori sei segundo baino gehiago atera baitizkie.

Gaurko estropadari esker, sailkapen orokorrean laugarren postuan kokatu dira Telmo Deuneko neskak, 30 punturekin. San Juan dago bosgarren postuan, puntuka berdinduta, eta bihar Sestaon jokatuko duten estropadan gaur lortutakoa defendatzen saiatuko dira zumaiarrak. 10:30ean jokatuko dute biharko lehia.

Klubeko Gari Goiko pozik agertu da neskek egindako lanarekin: "Oso ondo egin dute estropada gaur, eta aurrekoetan haizearekin eta txandekin zorte txarra ere izan zuten. Ohorezko txandan sartzea lortu dugu, eta ea hor jarraitzen dugun. Play-offeko helburua urrun samar dago, baina estropadaz estropada borrokatuko dugu", adierazi du.

Zarautz-Gesalaga-Okelaneko neskek, berriz, aurreko asteetan baino estropada kaskarragoa egin dute gaurkoan, emaitzari erreparatuta bederen. Izan ere, zortzigarren eta bederatzigarren postuetan ibili izan dira liga hasierako jardunaldietan, baina gaur hamargarren egin dute; azken bigarren sailkatu dira, Lapurdiren atzetik. 11:55,02 denbora egin dute gaurkoan zarauztarrek.

KAE1 ligan, Getaria lan ona egiten

KAE1 ligan, berriz, seigarren jardunaldia jokatu dute gaur Lapurdin, Donibane Lohizunen. Orain arte fin ibili dira getariarrak, eta sailkapenean hirugarren postuan zeuden gaurko lehiaren aurretik, 30 punturekin. Gaurkoan ere ez dute hutsik egin, eta bigarren helmugaratu dira 20:22,40 denbora eginda, San Juanen atzetik (20:18,12). Hala, sailkapen orokorrean bigarren postura egin dute salto getariarrek, eta 42 puntu dituzte orain.

San Pedro da lider sailkapenean, 46 punturekin. Eskuldeko beste bi taldeak zortzigarren eta bederatzigarren daude sailkapenean, Zumaia 26 punturekin, eta Orio B, hamazazpirekin.

Telmo Deuneko mutilek ere gogor borrokatu dute estropada, eta Kaiku eta Orio Bren artean sailkatu dira, zortzigarren, 20:47,44 denbora eginda. Hamar segundo baino gehiago atera dizkio, esaterako, Orio B taldeari.

Gari Goiko klubeko ordezkariak positiboki baloratu du etxekoen lana: "Estropada ona egin dute mutilek, lau tanda egoteak liga desitxuratzen duelako. Ikusi da, baita ere, liga oso berdinduta dagoela, estropada bakoitza traineru desberdina ari delako irabazten. Guk borrokan jarraituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide