Irati Osak ezingo du Europako Txapelketa jokatu datorren astean Moskun

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 3a

Piraguismoko Espainiako Selekzioak erabaki du Errusiara ez bidaiatzea datorren asteko Europako Txapelketa jokatzera, "kirolarien osasuna bermatzeko". Lehen urtea du seniorretan Osak, eta selekzioaren erabakia gogorra izan arren, ez du ilusioa galdu zumaiar gazteak: "Orain arte egindako bidearekin geratzen naiz, ilusio, ahalegin, poz eta lan handia dira nire oinarri. Helburu berrien bila joango naiz orain, Munduko Txapelketarako sailkapenaren bila", adierazi du.

Irati Osak ezingo du piraguismoko Europako Txapelketa jokatu datorren astean Moskun (Errusia). Izan ere, Espainiako Selekzioak erabaki du ez bidaiatzea hara, "Moskun pandemia egoera txarra dutelako" eta "kirolarien osasuna bermatzeko", Osak berak jakinarazi duenez.

Selekzioaren erabakia gogorra egiten zaion arren, ilusioz jarraitzen du kirolari gazteak: "Orain arte egindako bidearekin geratzen naiz, ilusio, ahalegin, poz eta lan handia dira nire oinarri. Bidean nire esku dagoen guztia egin dut. Hartu den erabakia ez dago nire esku eta, beraz, onartu eta helburu berrien bila joango naiz, Munduko Txapelketarako sailkapenaren bila”, adierazi du.

Osak entrenatzailea, familia eta taldekideak gogoan izan ditu une hauetan: "Ez ditut ahaztu nahi entrenatzaile eta aita dudan Xabier eta gainerako familia, ezta nirekin egunero taldean entrenatzen dutenak ere, beraiekin pasatzen ditudalako entrenamendu ordu luzeak, bidaiak zein poz eta tristurak".

Seniorretan lehen urtea

Aurreneko urtea du hau Irati Osak senior mailan, eta aise lortu du Espainiako Selekzioan sartzea, probetan sailkapen marka izugarria eginda. K2 seniorrean ere maila bikaina erakutsi zuten Osak eta haren bikotekide Arantza Toledok.

Orain dela bi urte ere brontzezko bi domina eskuratu zituen Munduko Txapelketan, bata 23 urtez azpiko K1 proban, eta bestea seniorretako K2 proban.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide