Hedatzen jarraitzen du Zuntz Optikoa Zumaiak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko uztailaren 2a

Zumaiako ia herrigune osoan jarri dute martxan ZOZ sareko internet konexioa. Oraingoz Zumaiako 160 etxebizitzatan kontratatu dute zerbitzua.

Zumaiako Udalak joan den otsailean adierazi zuen aktibatzeko prest zegoela Zuntz Optikoa Zumaia (ZOZ) sarea, eta martxoan jarri zuten martxan Paolaldeko, Larretxoko eta Ardantzabideko etxebizitzetan eta lokaletan. Ordutik aurrera egin dute zuntz optikoaren sarea Zumaiako eremu guztietara zabaltzeko lanek, eta udalak jakinarazi berri duenez, ZOZ «herrigune ia osora iritsi da dagoeneko». Beraz, udalaren esanetan, «zumaiar gehienek ZOZ sareko internet konexioa izateko aukera dute jada».

Axular ibiltokiaren inguruan eta Jadarre auzoan «konexioak egiteko azken lanak bukatzea» falta dela azaldu du, baina aurreikuspenen arabera, uztail honetan ZOZ erabiltzeko aukera izango da Narrondon eta Artadin, eta irail hasieran, Oikian. Irailetik aurrera, aldiz, industriaguneetako enpresek kontratatu ahal izango dute zerbitzua.

ZOZ sareak Zumaiara «belaunaldi berriko zuntz optikoko internet konexioa ekarri» duela dio udalak, eta «sare hori hala nahi duten etxebizitza, saltoki, erakunde eta enpresa guztietara iritsiko» dela. Guifi.net fundazioak eta udalak jarri zuten martxan proiektua, eta haien iritziz, «sare ireki, aske eta neutral bat sortzea» izan dute helburu, bai eta «eredu jasangarri bat» oinarri izatea ere. Izan ere, azaldu dutenez, «eredu konbentzionaletan» ohikoena da «sarearen jabetza operadore bakar baten esku egotea»: «Operadore horrek ustiatzen du sarea, eta hari etekina ateratzen dio». ZOZ sarearen kasuan, gaur-gaurkoz lau operadorek (Abaila, Mara-Ekin, Bikotek eta Evel) eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta hainbat «kudeaketa mekanismo» egongo dira indarrean «inork sarearen jabetza eskuratu ez dezan». Bestalde, eredu horrekin «azpiegiturak bikoizten» ez direnez, «jasangarriagoa» dela ondorioztatu dute sustatzaileek.

Atzo, uztailaren 1ean, Zumaiako Saregileen plazan agerraldia egin zuten Iñaki Ostolaza alkateak, Guifi.net fundazioko ordezkari Miguel Angel Irigoienek, Abailako Xabier Garmendiak, Bikotekeko Jon Garmendiak, Eveleko Pedro Villanuevak, Mara-Ekineko Iñigo Berastegik, eta teknologian eta informatikan aritzen diren Olatz Arregi, Arantxa Manterola eta Josu Waliño zumaiarrek. ZOZ sarera batzera dei egin zuten guztiek.

Dohaintzak

ZOZ sareko konexioa izateko, proiektuaren parte diren operadoreetako bat hautatu eta horrekin kontratu bat sinatu beharko dute erabiltzaileek. Momentuz Zumaiako 160 etxebizitzatan kontratatu dute  sarea, eta horiek hasi dira jada «lehenengo dohaintzak» egiten. Hain zuzen ere, «proiektua modu kolektiboan sostengatzea» da asmoa; alegia, bizilagunen ekarpen ekonomikoen bidez ere finantzatuko da. 1.200 eurokoa izango da dohaintza bakoitza; dena den, 427,50 euroko desgrabazioa ezarriko denez, erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua 772,50 eurokoa izango da azkenerako.

ZOZ finantzatzeko dohaintzak egiten dituztenek linea kuota kontzeptua kendu ahal izango dute Interneta ordaintzeko hileroko fakturatik. Modu horretan, «hileko tarifa nabarmen murrizten» dela adierazi dute proiektuaren sortzaileek.

Dohaintza egin nahi dutenak harremanetan jarri beharko dira sarea osatzen duten lau operadoreetako batekin edo Guifi.net fundazioarekin (zoz@guifi.net helbide elektronikoa edo 656 511 916 telefono zenbakia). Posible da ekarpen ekonomikoak Internet bidez egitea ere, labur.eus/ZOZdohaintza loturan sartuta.

Udalak azaldu du, dena den, «dohaintzak egitea ez dela derrigorrezkoa». «Dohaintzarik egiten ez duten herritarren kasuan, zerbitzuari dagokion kopuruaz gain, linea kuota ordainduko dute, gainerako telekomunikazio konpainietan egiten den moduan», argitu dute ZOZ sareko kideek. 17 eurokoa da kuota hori, hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide