Pandemia tarteko, iaz bertan behera utzi behar izan zuten Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketaren hamabigarren edizioa, beste hainbat kultur eta kirol jarduera bezala. Aurten, dena ondo bidean, urriaren 3an jokatuko da, eta antolatzaileak hasi dira proba prestatzeko lanekin. Iragarri dutenez, uztailaren bigarren astean zabalduko dute lasterketan izena emateko epea. Distantzia luzeko eta laburreko lasterketetako parte hartzaileak kontuan hartuta, 700 korrikalari izango dira gehienez ere aurtengoan.
Flysch Trailean egiten diren lasterketek ere aldaketak izango dituzte. Distantzia luzekoak 42 kilometro izango ditu, eta 2.950 metroko desnibel positiboa. Aurreko lasterketakoa baino 700 metro gehiago izango ditu. Metro horiek Andutzen egingo dituzte korrikalariek: lehen bitan igotzen zuten, eta orain lautan igoko dute. Distantzia laburreko lasterketak, berriz, 22 kilometro izango ditu, eta 850 metroko desnibel positiboa. Antolatzaileen arabera, Munduko Koparako puntuagarriak izango dira bi probak, eta gainera, Zumaian jakingo da zein korrikalarik irabaziko duten txapelketa hori.
Emakumeen prestakuntzarako entrenamendu saioak ere egingo dituzte aurten, probetan emakumeen parte hartzea bultzatze aldera. Ezin izango dituzte entrenamenduak aurrez aurre egin, baina bost entrenamendu birtual egitea aurreikusita dute. Bost entrenamendu horietatik hiru egiten dituztenek dortsala eskuratzeko zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Izan ere, antolakuntzak jakinarazi du entrenamenduak osatzen dituztenentzat 30 dortsal jarriko dituztela doan.
Mendizaleei aitortza
Aurreko urteko edizioetan bezala, aurten ere kirolariak omentzeko baliatuko dute eguna. Lasterketak jokatu ondoren, 13:00ean egingo diete omenaldia Amaia Aranzabal 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen emakume euskaldunari –Cho Oyu mendia, 1992ko irailean– eta Josu Bereziartua zortzimilako sei mendi egin dituen mendizale azpeitiarrari. FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak bi zortzi milako jarraian igotzeagatik saritu zuen Bereziartua: Amaia Aranzabalekin Cho Oyun izan eta bi astera bakarrik igo zuen Everest.
Kirol probaren bueltan antolatutako kultur programazioa ere aurkeztu du antolakuntzak. Itsasoan, espazioan eta mendian pilatutako zaborrak izango dituzte hizketagai aurtengoan, eta horiek sortzen dituzten ondorioetan zein biltzeko aukeretan jarriko dute arreta. Gai hori mintzagai hartuta hitzaldi bana izango da irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean.