Zumaian larunbat honetan egingo dute bertsolari gazteen aurtengo saioa

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 29a

Maddi Ane Txoperena, Maider Arregi, Xabat Illarregi eta Unai Mendizabal ariko dira kantuan. Bertaratzeko asmoa dutenek aurrez eskuratu beharko dituzte gonbidapen-txartelak, turismo bulegoan.

Aurtengoan ere antolatu dute bertsolari gazteen saioa Zumaiako Bertso Eskolako kideek. Larunbat honetan, uztailaren 3an, izango da kantaldia; Arrangoleta plazan abestuko dute lau gonbidatuek, 19:00etatik aurrera.

Bertso Eskolak aurreko astean jakinarazi zuen zein lau bertsolari ariko diren oholtza gainean aurten: Maddi Ane Txoperena (Hendaia, 1994), Maider Arregi (Oñati, 1996), Xabat Illarregi (Leitza, 2001) eta Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992). Jon Maia zumaiarraren ardura izango da, bestalde, lau gazteei kanturako gaiak jartzea.

Antolatzaileek azaldu dutenez, doakoa izango da sarrera, baina aurrez hartu beharko dira gonbidapen-txartelak Zumaiako turismo bulegoan. Ostegun honetatik aurrera egongo dira eskuragai tiketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide