Pasai Donibanen jokatu dituzte gaur ETE eta KAE ligetako hirugarren jardunaldiak. Joan den astean Getariak etxean garaipena erdietsi baldin bazuen, gaurkoan atzean geratu da bandera lortzeko borrokan, eta azkenean bosgarren postuan sailkatu da, Kaikuk irabazi duen estropadan. Edonola ere, sailkapen nagusian hirugarren postuan daude getariarrak, 30 puntureakin, aurretik San Pedro (36) eta Kaiku (34) dituela.
Eskualdeko beste ontziei dagokienez, Zumaia hobetuz doa eta seigarren postuan amaitu du gaur, bigarren txandako ontzirik indartsuena dela erakutsita. Orio B eta Camargo traineruekin batera lehiatu da, eta 20 segundoko aldea atera die biei. Oriotarrak hamargarren bukatu dute gaur, aurreko igandean baino postu bat beherago bukatu dute oraingoan. Sailkapen orokorrean, Telmo Deun zortzigarren dago 20 punturekin, eta Orio B hamargarren, 12 punturekin. Gaurko denborak hauek izan dira:
1. Kaiku Berez Galanta 20:21.28
2. San Pedro 20:23.19
3. Deusto Bilbao 20:30.60
4. San Juan-Orereta berrikuntzak 20:30.78
5. Getaria 20:31.84
6. Delteco-Zumaia 20:33.74
7. Arkote Uribe Kosta 20:36.66
8. Pedreña 20:36.75
9. Castro Producha 20:40.42
10. Orio-Orialki 20:53.33
11. Camargo cueva el Pendo 20:57.89
12. Astillero 21:06.36
13. Lapurdi-Antton Bilbao 21:06.48
10.postua lortu dute gaur gure mutilen pasaian pic.twitter.com/cqpIUXrlPP
— Orio AE (@CRO_OrioAE) June 27, 2021
ETE ligari dagokionez, Zarautz-Gesalaga-Okelaneko neskek aurkari zuzena topatu dute Lutxana ontziarengan, zortzigarren eta bederatzigarren postuaren arteko lehian. Aurreko igandean Getarian gertatu zen bezala, gaur Lutxanak hartu dio aurrea Zarautzi. Edonola ere, ez dira txanda berean lehiatu: zarauztarrak Lapurdirekin eta Castrorekin batera neurtu dituzte indarrak, eta beste behin beraien arraunketa puntu bat gorago dagoela erakutsi dute, txandako lehenak sailkatuz.
Tolosaldeak egin du denborarik onena gaurkoan, eta sailkapen orokorrean ere buru jarri da, bigarren kokatu de Deustorengandik puntu batera. Zarautz-Gesalaga-Okelan bederatzigarrena da 10 punturekin, eta Lutxana puntu bat gutxiago du. Zumaiako neskak, bien bitartean, txukun aritu dira: bigarren txandan lehiatu dira Ondarroa, Isuntza eta Lutxanarekin, eta txandako onenak izan dira. Ondorioz, bosgarren bukatu dute gaurko estropada; sailkapen nagusian ere bosagarren daude, 21 punturekin.
Hemen ikusgai gaurko denborak:
1. Tolosaldea 11:02.47
2. Deusto Bilbao 11:06.97
3. Hibaika 11:10.34
4. San Juan 11:16.73
5. Zumaia 11:21.64
6. Isuntza 11:02.11
7. Ondarroa 11:39.30
8. Lutxana 11:54.75
9. Zarautz 11:56.28
10. Lapurdi 12:05.76
11. Castro 12:09.97
Zarauzko gizonezkoen bigarren taldea apal, haizearen eraginez
KAE 2 ligako taldeek ere jardunaldia izan dute eguerdian, Elantxoben. Zarautz Arraun Elkartearen gizonezkoen bigarren ontziak bertan hartu du parte, Elantxobeko XXXIII. Traineru Estropadan, eta zazpigarren postuan bukatu du sailkapen orokorrean. Lehen jardunaldiko emaitzarekin alderatuta, gaurkoa apalagoa izan da. Kontuan izan behar da hirugarren txandan aritu dela nor baino nor Hondarribia, Donostiarra eta Portugaleterekin batera, eta beraiei arraun egitea tokatu zaienean, haizea zakar sartu dela. Horrek asko baldintzatu die beraien lanean. Emaitza nahi bezain ona izan ez arren, sentsazioak ez direla guztiz txarrak izan adierazi dute zarauztarrek. Une honetan, seigarren postuan kokatu da sailkapen orokorrean, 11 punturekin; Portugalete da lider, 17 punturekin.