Leire Esnal eta Lorea Iribar garaile pala egokituko Gipuzkoako txapelketan

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 26a, 15:58

Teniseko paleta modalitateko finalak jokatu dituzte Leire Esnal eta Xabier Olaziregi zumaiarrek eta Haritz Lertxundi eta Lorea Iribar zarauztarrek. Esnalek eta Iribarrek garaipena eskuratu dute, lehia estuaren ondoren.

Hasitako leku berean amaitu da pala egokituko Gipuzkoako binakako txapelketa. Zumaiako Aitzuri pilotalekuak hartu du gaur hirugarren eta azken jardunaldia, eta bertan erabaki dira aurtengo txapeldunak. Adimen urritasuna duten pertsonek teniseko paleta modalitateko finalak jokatu dituzte bi multzotan; tartean, eskualdeko lau kirolarik. Leire Esnal zumaiarrak Lorea Iribar zarauztarrarekin osatu du bikoa, eta lehia estuaren ondoren, 25 eta 20 irabazi dute Xabier Olaziregi zumaiarraren eta Lander Ortegaren aurka. 

Modalitate bereko bigarren multzoan aritu da Haritz Lertxundi zarauztarra. Eneko Sagarmendirekin osatu du bikotea, eta erakustaldi ederra eman duten arren, ezin izan dituzte Iraitz Huegun eta Xabier Arizkorreta mendean hartu. Hiru tantoren aldearekin irabazi dute Huegunek eta Arizkorretak. 

Gurpildun aulkian dauden pertsonek, bestalde, gomazko paleta modalitateko finala jokatu dute. Beñat Lizasok eta Manu Quesadak 25 eta 20 irabazi dute partida Hilario Olano eta Mikel Merinoren aurka.

Txapelketaren hasieran ez bezala, partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan da, eta ikusleek berotasunez hartu dituzte kirolariak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide