Zumaian hasi zen Gipuzkoako pala egokituko binakako lehia, eta leku berean amaituko da bihar, larunbata, hiru jardunaldi jokatu ondoren. Bi modalitate jokatu dituzte bikoteka: teniseko paleta adimen urritasuna duten kirolariek, eta gomazko paleta gurpildun aulkian dauden parte hartzaileek.
Urola Kostako zenbait kirolarik parte hartu du binakako txapelketa horretan, eta bihar Aitzurin jokatuko diren finaletarako sailkatu dira batzuk. Haritz Lertxundi zarauztarrak Eneko Sagarmendirekin osatuko du bikotea, eta aurrez aurre neurtuko dira Iraitz Huegun-Xabier Arizkorreta bikoaren aurka. Modalitate berean, teniseko paletan, arituko dira Leire Esnal zumaiarra eta Lorea Iribar zarauztarra, elkarrekin bikotea osatuta. Xabier Olaziregi zumaiarra izango dute aurkari; Olaziregirekin batera arituko da Lander Ortega. Teniseko paleta modalitatean, beraz, bi final jokatuko dituzte.
Gurpildun aulkian dauden kirolariek, bestalde, gomazko paleta modalitateko finala jokatuko dute. Kasu honetan, Beñat Lizasok eta Manu Quesadak Hilario Olano eta Mikel Merinoren aurka jokatuko dute.
Lorea Iribarrek azaldu du gogor entrenatu dutela txapelketa ondo joan dadin. Finalera begira, "dena emateko prest" agertu da Iribar, nahiz eta urduri egon. "Aurkariak oso gogorrak dira", dio. Hala eta guztiz, Esnalekin batera txapela eskuratzeko aukerak dituela uste du, eta pentsatua du kasu horretan nola ospatu: "Txuleta eder bat jango dut irabazten badugu". Iribarrek gaineratu du bikote "oso ona" egiten duela Esnalekin.
Iribar bezala, gogotsu dago Haritz Lertxundi ere azken jardunaldirako: "Dena ematera goaz, baina, irabazi ala galdu, gozatu egin nahi dugu". Eneko Sagarmendi bikotea "aspaldiko laguna" du, eta Lertxundik aitortu du ilusioa egingo liokeela berarekin batera txapela eskuratzeak; baina, era berean, harekin bikoa osatuta, ametsa bete duela nabarmendu nahi izan du. Lertxundik azaldu du hiru hilabete igaro dituztela entrenatu gabe, baina ari direla berriz ere martxa hartzen. Ingurukoei eskaini nahi die finala: "Familiari, lagunei, Santa Marinako familiari, Getariakoari, Sevillakoari, joan berri den osabari, lehengusu eta lankideei... denei eskainiko diet nire finala. Baita gure Zarauzko palako taldeari ere".
Txapelketa "berezia"
Finalen ataritan, txapelketaren balorazioa egin du Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikaria Jurgi Olasagastik. Haren hitzetan, "berezia" izan da aurtengoa: "Hainbeste protokolo hartu behar izan ditugu kontuan... Baina, azkenean, txapelketa oso ondo joan da. Pena izan da ikuslerik ez dela egon". Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideek azaldu dute txapelketaren helburuak bete dituztela, eta helburua bazela txapelketa "berezia" izatea, baina ez pandamiarengatik, jokalariei egoera horretan jokatzeko aukera emateagatik baizik.
Olasagastiren hitzetan, "luxua" da finalak Aitzuri pilotalekuan jokatu ahal izatea, eta horretarao aukera izateagatik eskerrak eman zizkion Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateari astelehenean finalak aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan. Ostolazak azpimarratu zuen "plazera eta ohorea" dela finalak bertan jokatzea: "Jardunaldi batez gain, finala ere hemen jokatu ahal izatea ohorea da. Udalaren aldetik prestutasun osoa erakutsi nahi dugu etorkizunerako".
Gipuzkoako Pilota Federazioak gogorarazi du % 60ko edukiera baimenduko dutela harmailetan, eta, beraz, finalak bertatik bertara ikusi nahi dituenak garaiz ibili beharko duela lekua ziurtatzeko. Partidak 10:30ean hasiko dira.