Aldaketekin, baina egin, egingo da aurtengoan Zumaiako triatlioa. Kirol proba antolatzen duen Zumaiako Triatloi Taldeak hala iragarri du: irailaren 4an izango da, iaz pandemiaren eraginez bertan behera geratu ostean.
Aldaketa nagusia da ezin izango dutela herri mailako kirolariek parte hartu; triatloi herrikoia bertan behera uztea erabaki du herriko triatloi taldeak. Antolatzaileek azaldu dute ez dela samurra izan erabaki hori hartzea, hainbat kirolarik "lehen zipristinak ateratzeko aukera" izaten baitute maila horretan. Sprint distantzian bakarrik jokatuko da aurtengo kirol proba. Modalitate horretan 300 edo 400 federatuk izango dute parte hartzeko aukera.
Ibilbidea ere egokitu egin behar izan dute Zumaiako Triatloi Taldeko kideek, proba behar bezala eta segurtasun neurriak bermatuta gauzatu ahal izateko. Igeriketa saioa itsas kiroldegian hasi eta amaituko dute triatloilariek. Boxak eta bizikleten gunea, berriz, Estazioko industriagunean ezarriko dituzte, Urola plazan, hain zuzen ere. Beraz, igeriketa saioa amaitu, eta 200 metro oinez egingo dituzte kirolariek boxetara heltzeko. Ohiko ibilbidea hasiko dute bertan, bi gurpilen gainean: Aizarnazabalera joan, eta Iraetatik barrena Zumaiara itzuliko dira, berriz ere Urola plazara, eskualdeko errepideetan barrena 20 kilometroko ibilbidea osatuta. Handik hasiko dute bost kilometroko korrika saioa Zumaiako kaleetan zehar.
Zumaiarrak ez diren kirolariek edota triatloia ikustera datozenek Estazioko industriagunean izango dute autoak uzteko aukera. Nolanahi ere, antolatzaileek zehaztu dute zirkuituaren zati handi bat itxita egongo dela ikusleentzat.