Herritarrei formakuntza eskaini, ingurumen heziketa sustatu eta, bide batez, Zumaiako Santiago hondartzaren eta dunen aberastasun biologikoa ezagutzeko asmoz, BIOTOP egitasmoa antolatu du beste urte batez Euskal Kostaldeko Geoparkeak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Biodibertsitate topaketa igande honetan egingo dute, hilak 20, 9:00etatik 12:00ak bitartean, eta Geoparkeko kideek azaldu dutenaren arabera, Santiago inguruko landaredia eta hegaztiak aztertzeko baliatuko dute hitzordua.
Landarediari dagokionez, dunetako eta paduretako landareak izango dituzte aztergai. Hegaztiak, berriz, txori txikiak izango dira, kirol portua eraiki zenetik behera egin baitu nabarmen limoetako hegaztien kopuruak; "baina beti egon daiteke sorpresaren bat", antolatzaileen hitzetan.
Goizean zehar hainbat irteera egingo dituzte, eta talde bakoitza Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. Saioak aldi berean izango ez direnez, bi taldetan izena emateko aukera izango dute interesdunek: euskaraz hegaztiak aztertuko dituzte lehenbizi, 9:00etatik 10:30era, eta landareak gero, 10:30etik 12:00etara; gazteleraz, alderantziz izango dira saioak.
Egitasmoa irekia da, baina segurtasun neurriak zorrotz betetzeko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, labur.eus/biotop2021 helbidean formularioa bete daiteke, edo Zumaiako Turismo Bulegora (943-14 33 96) deitu. Geoparkeko kideek jakinarazitakoaren arabera, plazak mugatuak izango dira–gehienez ere, hamar kidekoak–, eta gazteleraz izango diren saioak bete dira dagoeneko.
2019an antolatu zuten egitasmoa estreinakoz. Debako Errotaberri atsedenlekua hartu zuten abiapuntu orduan; ibarreko hegaztiak, onddoak, landareak, anfibioak, armiarmak edota narrastiak ezagutzeko eta espezieak zerrendatzeko irteera motzak antolatu zituzten. Goizean zehar 130 espezie identifikatzeko aukera izan zuten eta eremu horretan inoiz egin den erroldarik handiena osatzen lagundu zuten.
Urtero Geoparkea osatzen duten hiru herrietan –Mutrikun, Deban eta Zumaian– txandaka antolatzeko asmoa dute. Iazko irteera bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, eta aurtengoa atzeratu badute ere, aurrera egitea erabaki dute.
Lurraldearen inguruko ezaguera zabaltzeaz gain, "horren zaintzan herritarren konpromisoa handitzea" ere espero dute egitasmoaren sustatzaileek. Beren ustez, gaur egun edozein izan daiteke ikertzaile eta, erreminta egokiak erabiliz gero, informazioa kontsultatzea eta partekatzea denon eskura dago.