Ikasturtea borobiltzeko Herri Eskolak egingo ditu IAk Zumaian eta Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 15a

Ikasle Abertzaleakek larunbat honetarako prestatu ditu Herri Eskolak Azpeitiko Gaztetxean; Zumaiako Herri Eskolan, aldiz, ekainaren 25ean elkartuko dira ikasleak. Hezkuntza sistemaren funtzioen inguruan hausnartuko dute bi lekuetan.

Ikastetxeetan ere amaitzear da ikasturtea, eta aurtengoa borobiltzeko, Herri Eskolak antolatu dituzte Urola Kostako nahiz Urola Erdiko Ikasle Abertzaleakek (IA). Larunbat honetarako, ekainaren 19rako, Azpeitiko Gaztetxean jarri dute hitzordua Urola Erdiko ikasleek; ekainaren 25ean, ordea, Zumaiako Herri Eskolan bilduko dira gazteak. Herri Eskolen aurreko edizioetan egin modura, elkarrekin gogoeta egitea eta formakuntza politikoan sakontzea izango da asmoa oraingoan ere.

Azpeitian 11:00etan ekingo diote saioari larunbatean, eta indarrean den hezkuntza sistemaren oinarriak nahiz funtzioak aztertuko dituzte. Zumaian 12:30ean irekiko dute egitaraua hilaren 25ean, eta auzi berdina landuko dute bertaratzen diren gazteek, Egungo hezkuntzaren funtzioak izeneko saioaren bidez. Horren ostean, dena den, bazkaltzeko aukera egongo da Zumaiako Herri Eskolako frontoian; ogitartekoak eskainiko dituzte. Bazkaldu eta gero, gainera, Murxi DJaren musika emanaldia izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide